Buruntzaldeko udalen enplegu arloak elkarlanean

maider-azurmendi 2012ko martxoaren 13a

Buruntzaldeko udalak lanean ari dira guztien baliabideak erabilita enplegua, industria eta turismoa bailaran garatzeko. Honetarako protokolo bateratu bat onartuko da.

Gorka Lizarraga gizarte zerbitzu eta enpleguko batzorde buruak udalbatzarrean aurkeztu moduan, lan hau gizarte zerbitzuetako langileek burutuko dute eta etorkizunean entitate propioa izango duen Garapen Agentzia moduko bat sortzea izan daiteke elkarlan honen emaitza. Aurretik, bailararen diagnostiko sozio-ekonomikoa burutuko da lanaren ardatzak behar bezala finkatzeko. Proposamena udala osatzen duten alderdi guztien onarpena jaso du.

Hirigintza

Bestetik hirigintzari dagozkion hainbat zuzenketa onartu dira gaurkoan. Lehena Zatarain A-36 deritzon urbanizazio lanek behin betiko onespena izan dute PSE-EE eta Plataformakoen aldeko bozkei esker. Berdina gertatu da Zabaleta Berriko proiektuan proposatutako aldaketarekin.

Goiegi Gora deituriko lanetan hotelaren eraikitzea dela eta behin behineko onespena eman zaio udal gobernuak proposatutako aldaketari. Izan ere, bigarren ingurabidearen harira eraikin enpresak hotelak altuera gehiago izateko proposamena egin zuen. Horrela zazpi edo zortzi solairu izatera pasako zen. Honakoa udal gobernuarentzat gehiegizkoa da kontutan izanda eraikin handi horrek ez duela bat egiten inguruarekin. Horrela lau solairutara mugatzeko proposamena aurrera atera da EAJ, Plataforma eta Bilduko ordezkarien bozkekin. Hala ere Bildu baita EAJk proiektu beraren kontrako iritzia dutela azpimarratu nahi izan dute, aurreko udal gobernuak onartutako proiektu bat dela azalduz.

Honekin batera Jesus Zaballos sozialisten bozeramaileak EAJri galdetu nahi izan dio bere garaian ea zergatik ez zuen proiektu honen aurkako alegaziorik aurkeztu. Estitxu Alkortak beti aurka bozkatu zutela erantzun nahi izan dio.

Zaborra

FCC enpresarekin zabor bilketa zerbitzua luzatzea onartu du udalbatzarrak. Ana Isabel Prieto Zerbitzuetako arduradunak azaldu duenez, luzapen kontratu honetan hainbat izan dira egindako hobekuntzak besteak beste, jai egun zehatz batzuetan erdigunetik zaborra jasotzera pasako direla adostu da, adibidez inauterietan. Horretaz gain, zerbitzuaren kostua 24.000 euro inguru merketu ahal izan da abenduan burututako esperientziaren arrakastaren ondorioz. Abenduan larunbatetan lur-azpiko edukiontzi guztiak jaso beharrean txandaka jaso izan dira. Ikusita bizilagunentzat ez dela arazorik izan hala egingo da aurrerantzean kostuak murriztu aldera.

Garraio zentroa

Jesus Zaballos PSE-EEko bozeramaleak Garraioaren Zentro integrala herrian jartzeko Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera aurkeztu du mozioan udalbatzatzarrak zentroaren sorrera bultzatzeko adierazpenarekin bat egin eta bere garapenean laguntzeko prest agertzeko eskatuz. Otsailaren 27an sinatu zuten Iñaki Arriola, Etxebizitza, Garraio eta Lan Publiko kontseilariak eta Gemma Zabaleta, Enplegu eta Gizarte Gaietako kontseilariak aipatutako zentroaren sorrera bultzatzeko adierazpen instituzionala. Jaurlaritzak Lasarte-Oriako Lanbide zentroa, Garraio arloko Formakuntza, Ikerketa eta Garapen Zentro bihurtzeko egitasmoa bultzatzeko arrazoiak txosten mardul batean bildu dituzte. Bildu, EAJ eta Plataformak euren harridura azaldu dute izan ere, Jaurlaritzak ez dio udalari informaziorik eman honen inguruan.

Lan erreforma

Bilduk Espainiako gobernuak martxan jarritako lan erreformaren aurkako mozioa aurkeztu zuen. Honi emendakinak egin dizkio PSE-EEk eta EAJk azkenean PSE-EErena azkena izanda, hau onartua izan da. Langileen eskubideen kontrako erreforma dela argudiatu du alderdi sozialistak.