Olaiaren erronka asteazkenean Okendon

maider-azurmendi 2012ko mar. 15a, 17:27
Merka2sanmarcos bigarren eskuko produktuen azoka larunbatean egingo da Okendo plazan 10:00etatik 14:00ra. Udalak ekimena babestu nahi izan du eta herritarrak honetan parte hartzea animatzen ditu. Gainera Sanmarkoren "Olaiaren erronka" ekimen berritzailea asteazkenean iritsiko da herrira.
Sanmarkoseko Mankomunitateak Merka2sanmarcos bigarren eskuko merkatuaren bosgarren edizioa antolatu du larunbatean Okendo plazan 10:00etatik 14:00etara hondakinen sorrera murrizteko eta prebenitzeko helburuarekin. Badira egun erabiltzen ez ditugun gauza asko; arropa, liburuak, jostailuak, kirol-materiala... Gehienak egoera onean daude; baina, hala ere, zaborretara bota edo kaxatan pilatzen ditugu. Horrenbestez, trukea, oparitzea edota saltzea aukera ona daitezke. Horretarako hain zuzen izango da aukera larunbatean, helburua produktuen iraupena luzatzea eta berrerabilera sustatzea.

Honekin batera udalak ekimena babestu nahi izan du horrelakoek duten garrantzia azpimarratuz. Izan ere, udalak hondakinen kudeaketan aldaketa beharra duela pentsatzen du, murriztu, berrerabili eta birziklatzearen alde egin behar dela azalduz. Hortaz, "herritar guztiei bertan parte hartzeko deia egin nahi diegu udaletik".

Olaia eta Aitor Okendon

Horretaz gain, Okendo plazan finkatuko da asteazkenetik igandera "Olaiaren erronka" kanpaina. Olaia eta Aitor, bikote gaztea hilabete osoan zehar Gipuzkoako hainbat herrietan biziko da. Dagoeneko euren etxea Donostiako Gipuzkoa plazan egon da eta orain, herrira etorri arte, Pasai Antxon ari dira bizitzen. Sanamarko mankomunitatea, Ecoembes eta Ecovidrio erakundeek antolatu dute ekintza berritzaile hau. Olaiaren erronka da Aitor birziklatzen ikastea. Bikoteak mezu bat bidali digu euren etxe ibiltaritik.