Ezertan hasi aurretik: artikulua idazteko unean ez dakit nola amaitu den Athletic-Manchester Europa Ligueko itzulerako partidua. Euskal taldeak aurrera egingo zuelako pentsamenduarekin ari naiz idazten, noski.
Ez da futbola bezela pertsonak eta gizartea asaldatzen eta aztoratzen duen beste ekimenik. Hori esanda ez naiz oso argia izaten ari, ez naiz hausnarketa erakustaldi batean ari. Baina, joan den astean Old Traford estadioan izandako partidaren ondoren, lehendik ere pentsatzen nuena gorpuztu besterik ez da egin.
Batetik, krisi garaian 8000 zurigorri joan ziren hegazkin, auto, itsasoz Ingalaterrara. Dirua falta da oinarrizko ez diren gauzatarako baina nork bere taldea estadio mitiko batean ikustea eta United bezelako taldearen aurka, oinarrizko da askorentzat.
Haientzat, erabilitako dirua ez zen gastua izan inbertsio baizik: gozamen eta mito inbertsioa. Ez izan zalantzarik. Partidu historiko hori bertaik bertara ikusi zutenek egunen batean bilobak hartuko dituzte magalean eta hasiko zaizkie esaten nola behin beste milaka zalerekin batera, han izan ziren Manchester handia mendean hartu zuteneko partida hartan. Hor hasten da mitoa lanean, hor hasten da futbolak berarekin duen mistika.Eta futbolean maiz gertatzen den elkar ezin ikusia gainditu egiten da batzutan, oso aldi bakanetan, oso aldian behin, kasu gutxi batzutan.
Hori gertatu zen joan den astean: hainbat realzale amorratuk ez zuen erreparorik izan lasartear zurigorrioi dei bat egiteko, mezu bat bidaltzeko edo garagardo bat konpartituz gauzak izan ziren bezela onartzeko. Haien zorionak jaso nituen neronek eta haiei doakie nere "zorionak", kiroltasunez onartu zutelako gozatu egin zutela gehienetan galtzen ikusi nahi duten taldearen garaipenarekin. Athleticek nola irabazi zuen, hura izan zen gauzak aldatu zituena.