Aste Santuan ongi pasatzeko aukera

Nerea Eizagirre 2012ko martxoaren 16a

Zientzia eta natura izango dira nagusi Ttakun kultur elkarteak Aste Santuan antolatu duen haur eta gazteentzako eskaintzan. Txikienek Aste Santuko Zientzia Txokoak izango dituzte; gazteenek berriz, hiru egunetako txangoa dute Aiako Harriak parke naturaleko Arritxulo aterpetxean. Honela, hamaika abentura eta bizipen izateko aukera dute etxeko gazteenek.

Aste Santua dator eta herriko txiki eta gazteek oporrak dituzte. Etxean asper-asper egon beharrean Ttakun kultur elkarteko Aisia sailak bi aukera eskaintzen dizkie. Batetik txikienentzat Zientzien txokoa eta bestetik gaztetxoentzat, Gazte Astea.
Aste Santuko txokoak
Zientzia eta esperimentuak izango dira nagusi aurten Aste Santuko oporretako Zientzien txokoan.
2 urte eta 8 urte bitarteko haurrek goizez, 9:00etatik 13:30era, ederki gozatu ahalko dute apirileko bi asteetan txokoetan egingo dituzten ekintza guztiekin.
Etxeko txikiek zientzia-gaien ezaguerak trebatzeko aukera izango dute txokoetan, izan ere, zientzilari lanak egin beharko dituzte.
Lehenik laborategi bereziari izena jarriko diote eta haien esperimentuetako beharrezkoak izango dituzten elementua guztiak sortuko dituzte.
Honetaz gain, tailer bereziak izango dituzte, hala nola, ura, natura edo koloreekin esperimentu liluragarriak egingo edo pentsatzeko lagungarriak diren jakiak ezagutzeko jakituria tailerra izango dute.
Era berean, gaztetxoen Eureka! Zientzia museora irteera egingo dute. Bertan zientziari buruzko bitxikeriak eta jolasen bidez hainbat kontzeptu ikasi ahalko dituzte modulu interektibo edo Txikiklik! txokoan.
Azken egunean, berriz, graduazio festa handia izango dela ere aurreratu digute antolatzaileek.
Eureka!-ra irteera
Ttakuneko aisia sailak jakin arazi duenez, Eureka! Zientzi museorako irteera hau irekia izango dela.
Honetan, HH4 eta LH2 maila arteko haurrek parte hartu dezakete. Goiz osoko irteera izango da, 10:00etan Erribera kaleko lokaletik abiatuko dira eta 13:30ean, Zumaburuko autobus geltokian jaso beharko dira haurrak.
Ttakuneko bazkideek 8 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek, 10 euro.
Naturan murgiltzen
Hala baina, LH3 eta LH6 mailako gazteek ere badute plana, Aiako harriak parke naturalera hiru eguneko txangoa. Apirilak 2,3 eta 4an izango da eta Oiartzungo Arritxulo aterpetxean egingo dute lo gazteek.
Mendi irteera, tailer desberdinak, bertso antzerkia, musika eta sorpresaz betetako gaubelak eta Arditurri meategia bisitatuko dute gaztetxoek.
Irteera apirilak 2an 11:00etan izango da jubilatuen geltokitik eta itzulera apirilaren 4an izango da 13:00etan.
Antolatzaileek jakin arazi dutenez, lehenengo eguneko bazkaria eraman behar dute gaztetxoek.
Izena ematea
Gauzak honela, Aste Santuko Txokoetan izena ematea Ttakun K.E. egoitzan, Geltoki kalea 4 behea, egin behar da.
Lasarte-Orian erroldatutako haurren gurasoek bi asteengatik 88 euro ordaindu beharko dituzte edo 44 euro aste batengatik; erroldatuak ez dauden haurrenek, aldiz, bi asteengatik 132 euro edo 66 euro aste batengatik.
Ordainketa bulegoan bertan egin daiteke txartelarekin edo kontu korronte zenbaki honetan, 2101 0048 25 0010089696, haurraren izenean transferentzia bat eginez. Diru sarreraren ordain agiria bulegora eraman behar da.
Antolatzaileek adierazi dutenez, izena ematen duten lehen 40 haurrentzat egongo da lekua. Inskribatzeko azken eguna martxoaren 29a izango da.
Gazte astean parte hartzeko, berriz, 943 371 448 zenbakira deitu edo Ttakunera hurbildu behar dira interesatuak.
Ttakuneko bazkide ez direnek 45 euro ordaindu behar dituzte, bazkideek 42 euro.
Ordaintzeko moduei dagokionez, txokoen antzera, bulegoan txartelarekin edo kontu korronte zenbakian ordainketa eginez egin daiteke.
Diru-sarreraren ordainagiria aurkeztu behar da bulegoan eta Osakidetzako zenbakia ere beharrezkoa dela azaldu dute antolatzaileek.
Izena emateko azken eguna martxoaren 28a izango da, hau barne.
Eta egun horretan bertan, 18:00etan osasun zentroko 2. solairuan Gazte astearen! nondik norakoak azaltzeko gurasoekin bilera egingo dela jakin arazten dute.