“Aurten ez geneukan saririk eskuratzeko itxaropenik”

maider-azurmendi 2012ko martxoaren 16a

Salsa modalitatean Europako txapeldun berriak dira Amaia eta bere dantza bikotea Jose Mari Orbegozo. Torremolinos-en ospatu den Europako Areto Dantza txapelketan gainera dantza konbinatuko bigarren saria ere eskuratu du lasarteoriatarrak. Bosgarren aldia da Europa mailako lehen sari bat eskuratzen dutela.

Bosgarren aldia da Amaia Gonzalez Caballero dantzariak Europako txapelketik lehen sari bat ekartzen duela. Bere dantzari ibilbidean jasotako sariak asko izan arren, Europa mailako hauek bereziki hunkitzen dute. Urduritasun eta lan gogorraren ondorio direla aitortzen du eta lehiatzen jarraitzeko indarra ematen diotela.
Bosgarren aldia da Europako txapelketatik sariarekin bueltatzen zaretela...
Bai. Gehiagotan parte hartu izan dugu baina bosgarren urtea da lehen sari batekin bueltatzen garela kasu honetan Salsa modalitateko Europako txapeldun izan gara eta txapeldunorde konbinatuan deritzon dantza estiloan, honek tangoa, pasodoblea eta bals-a biltzen ditu.
Espero al zenuten irabaztea?
Egia esan ez. Aurreko urtean pasodoble modalitatean lehen saria eskuratu genuenez, aurten ezin genuen estilo honetan lehiatu araudiak hala ezarrita eta pentsatu genuen salsarekin saiatzea. Txapelketa honetan behin izan ginen salsa dantzatzen 1998. urtean eta orduan hirugarren izan ginen.
Txapelketa bera gogorra izaten al da?
Bai ia egunero lehiatu behar izan dugu. Indibidualki lehiatu behar da lehenengo, lehen hautaketa prozesua gainditu finalean egon ahal izateko. Ordu asko dira minutu gutxi batzuetan dantzatzeko.
Adibidez lehen egunean tangoan aritu ginen. Hautaketa prozesuan bigarren geratu ginen eta ondoren finalean bosgarren. Bals-arekin antzeko gertatu zitzaigun, hautaketan lehenak izan ginen eta gaueko finalean laugarren. Konbinadon, estatu mailan egindako txapelketan bigarren geratu ginen hautaketan eta gauean berriz, laugarren izan ginen. Ikusten genuen beti hor geratzen ginela, lehen bost bikoteen artean baina saririk ez genuela jasotzen.
Azkenean ez geneukan saririk eskuratzeko itxaropenik.
Urduri jartzen al zarete horrelakoetan?
Bai oso, tentsio asko jasatea da. Txapeldun ginela esatean, ezin dut deskribatu sentitu nuena. Oso hunkigarria izan zen. Egia da ere aurrekoa ikusita, oso lasai dantzatu genuela salsa, oso eroso sentitu ginen eta nik uste horrek eragina izan zuela.
Beste bikote euskaldunik ba al zen?
Ez hemengo bikote bakarra ginen. Hemen bada dantzaren munduan ibiltzen den bikoterik eta dantzarako zaletasun handia dagoela esango nuke baina txapelketa mundua ezberdina da. Txapelketak aste osoa iraun du eta gure kasuan ia modalitate guztietan lehiatzera joaten gara. Hemen badaude oso bikote onak salsa dantzatzen adibidez baina ez dute soilik kategoria batean lehiatzeko bidaia egingo. Denboraz gain, dirua ere behar da horrelakoetan parte hartzeko.
Nik uste dut azkenean txapelketen munduan sartzen garenontzat dantza afizioaz gain, ogibide ere badela. Ondorioz, beste modu batean bizitzen dugu txapelketa bera baita dantza mundua ere.
Zer behar da txapelketa mundu horretan emaitza onak lortzeko?
Ondo dantzatzeaz gain, badira garrantzitsuak diren beste faktore batzuk. Adibidez nire ustez oso garrantzitsua da dantza bikote egonkorra izatea. Entsegu ordu asko dira, bidaiak, urduritasun eta tentsio uneak...hori guztia eramangarria izan dadin eta emaitza onak lortzeko, bikoteak ondo egin behar du lan elkarrekin eta ondo ulertu.
Gure kasuan 1997.urtetik daramagu elkarrekin dantzatzen Jose Mari Orbegozo eta biok. Euskadiko txapelketa batean hasi ginen eta gaur arte.
Sariak jasotzean norbaitekin gogoratzen zara?
Familia eta nire ikasleei eskaintzen dizkiet irabazten ditudan sariak. Familia beti gogoan izaten dut. Lehen gurasoak etortzen ziren nirekin eta orain ahizpa da txapelketaz txapelketa nirekin dabilena. Senarra ere egoten da Internet bidez txapelketak jarraitzen.
Orain hasten da txapelketa garaia ezta?
Erkidego mailako txapelketa zirkuitua egiten da eta bai orain hasten da, Europakoaren ondoren beti. Gu Euskadiko txapeldun izan gara bost alditan baina dagoeneko hemen ez da txapelketarik egiten, “Young Play”-n izaten zen. Erkidegoko txapelketa bat irabaztekotan gastu guztiak ordainduta dituzu datorren urteko Europa mailako txapelketan parte hartzeko. Gure kasuan hiru aste barru Kantabriakoan lehiatuko gara.
Txapelketa askotan parte hartzen duzue?
Asteburutan dira eta nik larunbatetan klaseak izateaz gain, entseguak ere izaten ditut eta dena bertan behera uztea ez da beti posible. Txapelketa munduan mugitzen saiatzen gara baina neurrian.
Bestalde, entsegu ordu asko dira, ikastaro pila estilo eta azken tendentziak ezagutzeko. Adibidez txapelketak ere onak dira horretarako, ikusteko zein estilo, berrikuntza dauden ondoren zuk ikasi eta erakutsi ahal izateko.
Familiak nola darama?
Bueno haurrek nabaritzen dute nire falta. Mikelek 12 urte ditu eta behintzat ulertzen du egoera eta ohitu da. Zerbait irabazten dudanean ere gustatzen zaio, eskolan esaten du. Txikiak hiru urte ditu eta horrek bai ez duela ulertzen. Dantzarako zaletasunari dagokionez, semeak ez du ezer jakin nahi eta dirudi txikiari gustatuko zaiola baina auskalo, nahi dutena egitea, nik behintzat ez ditut behartuko.
Dantza garesti ateratzen al da?
Bai. Txapelketetan aritzeko bidaiak etab ordaindu behar dira eta ez da merke ateratzen. Horretaz gain jantziak garestiak izaten dira. Soinekoak oso bereziak dira, neurrira egiten dira. Askotan hainbeste diru ez gastatzeko soinekoak moldatu egiten ditut, gona luzatu, moztu, distira gehiago jarri... trikimailuak izaten dira jendeak lehen begiradan soinekoak ez ezagutzeko.
Nire jantziak politak dira baina nahikoa apalak txapelketa munduan ikusten direnekin alderatuz.
Lasarte-Orian dantzarako zaletasunik ba al dago?
Bai egon badago. Hemen salsa eskolak asko eskatzen dira agian lekuak ere badaudelako hauek dantzatzeko. Ez dakit zergatik gizonek gutxiago dantzatzen dute hemen Estatuko beste lekuetan baino. Ez dakit, nik uste dut hemengo gizonak lotsatiagoak direla. Nire eskolan mutil gutxi daude eta egin izan ditut eskaintza bereziak hauek erakarri nahian, baina ezer ez, hasten direnak azkenean lotsagatik uzten dute. Dena den dantzatzen ikastea animatzen ditut. Gauza polita da bikotearekin egiteko edota lagunekin.