18_Euskal Kros arrakastatsua beste behin

jon-altuna-egitegi 2012ko martxoaren 18a

Euskara eta kirola bultzatu asmoz, eguraldi paregabearen laguntzaz, giro bikainean burutu zen atzo goizean Eneko Kastro atletaren omenezko XV. Euskal Krosa Atsobakar auzoan. Landaberri ikastolak urtero antolatzen duen euskal krosean neska mutil ugarik hartu zuen parte eta lasterketa bukatzean, domina bana eta edaria zituzten zain.

Jendez lepo zegoen Atsobakar auzoa, lasterkarien guraso, aitona-amona, senide eta lagunak joan baitziren txikienak korrika egiten ikustera. Denak txalo zaparrada batekin hartzen zituzten helmugan, eta guraso guztiek nahi zuten euren seme-alabaren argazkiren bat jaso, oroimenerako.

Gozatzea helburu

Urteroko izaera mantendu du aurtengoan ere Euskal Krosak eta amaieran ez zen onenentzat saririk izan. Lasterketa guztiak amaitzean, hainbat sari zozketatzen dira urteroko tradizioari eutsiz.
Izan ere, haurren artean lehiakortasunaz haratago, parte hartzea eta haurrek kirola eginez gozatzea dute helburu antolatzaileek.
Horretarako, parte hartzaile guztien artean kirolarekin eta euskararekin lotutako opariak banatu ziren zozketa bidez eta zenbaitek irribarre zabal batekin aldegin zuen etxera.

Parte-hartze handia

Aurtengoan ere, parte-hartzea bikaina izan da. Hamar bat lasterketa egin zituzten, adinka banatuta eta guztiek 500 bat metroko barrutiari hainbat itzuli eman behar izan zizkioten. Amaitzeko, antolatzaileek eskerrak eman zizkieten laguntzen aritu ziren guztiei.

Eneko Kastroren oroimenez

Beste behin ere, Eneko Kastro atleta gogoratu nahi izan zuten Euskal Krosean.
Horretarako, Kastro zenaren ama aritu zen gaztetxoei sariak banatzen, bakoitzari oparia eta muxu bana emanaz. Ama bakarrik ez, aitak ere gerturatu nahi izan zuen txikienek lasterka nola egiten zuten ikustera.