Sasoi onean da kirol zerbitzu euskalduna

jon-altuna-iza 2012ko martxoaren 19a

Ahalegin handia egiten ari da Lasarte-Oriako Udala kiroldegian eskaintzen diren ikastaroetan euskararen erabilera bultzatzeko, 15 monitore ari dira 758 herritarrekin 12 kirol mota ezberdin egiten eta monitore bat izan ezin beste guztiak dira elebidunak. Ikasleen euskara mailaren arabera osatzen dira taldeak, guztira 71, gero monitoreek ere taldeen arabera aritzeko: nagusiki euskaraz (%27,2), bi hizkuntzatan (%44,7), edota nagusiki gazteleraz baina euskarari sarbidea emanaz (%27,2).

Kirol eta Euskara Zerbitzuko ordezkarien eta Kiroldegiko monitoreen arteko bilera.
Kiroldegiko monitoreen euskararen erabilera asko hobetu da azken hamar urteotan Udaleko Kirol eta Euskara Zerbitzuak garatu duten programari esker. Ikasleekin darabilten hizkuntzari erreparatuz, 2004-2005 ikasturtean, monitoreen %84,5ek erabat gaztelaniaz egiten zuen. 2011-2012 ikasturtean, aldiz, erabat gaztelaniaz ez du bakar batek ere egiten; nagusiki gaztelaniaz, baina agurrak, animatzeko esamoldeak eta horrelakoak euskaraz erabiliz, %27,2k; bi hizkuntzetan, %44,7k; eta erabat euskaraz, %27,2k.
12 kirol mota praktikatzen dira kiroldegian: aerobica, aquaerobica, aquagyma, banakako entrenamendua, body pump, GAP, kirol egokitua, kirol ludoteka, mantentzeko gimnastika, pilatesa, spinninga eta ur-ludoteka + igeriketa.

Monitoreak giltzarri

Ikastaroak euskalduntzeko Udalaren programan 16 urtetik gorako ikaslez osatutako taldeak besterik ez dira kontuan izaten, 16 urtetik beherakoentzat erabat euskaraz ematen baitira.
2011-2012 ikasturtean, kiroldegian ari diren 15 begiraleetatik %93 dira elebidunak, hau da, euskara ulertu baina erabiltzeko erraztasunik ez duen monitore bat izan ezik, beste guztiak dira elebidunak. 2004-2005an, datuak biltzen hasi zirenean, %60 zen elebiduna.
Helduen taldeetan sor daitezkeen hizkuntza-egoera desberdinak egoki kudeatzeko, propio sortutako metodologia bat erabiltzen da Lasarte-Oriako kiroldegian eta hiru tipotako taldeak osatzen dira.

Hiru motatako taldeak

A motako taldeetan, ikasle guztiek ulertzen dute euskara, eta ikastaroa nagusiki euskaraz emango du monitoreak. B motako taldeetan, ikasleen erdiek baino gehiagok ulertzen dute euskara, eta ikastaroa nagusiki euskaraz emango du; baina premiazkoa ikusten duenean, laburpena edo bakarkako azalpenak gaztelaniaz emango dizkio euskaraz ondo ulertzen ez duenari. C motako taldeetan, ikasleen erdiak baino gutxiagok ulertzen du euskara, eta ikastaroa nagusiki gaztelaniaz izan arren, euskarari sarbidea emango dio monitoreak, agurrak, animozko hitzak eta horrelakoak euskaraz erabiliz.
2002-2003 ikasturtean jarri zen programa abian, "ikusirik kiroldegiko erabiltzaileen artean asko zirela ikastaroak euskaraz egiteko adinako euskararen ulermen maila zutenak". Orduan, bost taldetan aplikatu zuten metodologia hori, horiek baitziren monitore elebidunen ardurapean zeuden taldeak (kiroldegiko talde guztien %30 inguru). Hamargarren aldiz ari dira horretan 2011-2012 ikasturtean eta ia ehunetik ehunean, 43 taldetan, eragiten ari dira. Gimnasioko eta igerilekuko laguntzaileak daude soilik kanpoan.

Elkarlana

Kiroldegiko ikastaroek izan duten hizkuntza bilakaeran, ezinbestekoa izan da Bizkortzen kirol enpresaren, Kirol Zerbitzuaren eta Euskara Zerbitzuaren elkarlana aurrerapausoak emateko.
Aipagarriak dira, batetik euskararen erabileraren sustapenean Udalaren Kirol Zerbitzua aitzindari dela, eta horrekin batera, programan murgildu den Bizkortzen enpresak izan duen jarrera eta egindako ahalegina. Programaren bultzatzaileen iritziz, hasieratik bertatik hartu zuen konpromisoa monitore elebidunen kopurua igotzeko eta ikastaroak euskalduntzeko programa progresiboki talde guztietara zabaltzeko.
Elkarlan horren emaitzetako bat monitoreentzako sentsibilizazio-saioak dira. Kiroldegiko taldeen hizkuntza errealitate desberdinei aurre egiteko monitoreek prestakuntza behar zutela konturatu ziren. Saio horietan, hizkuntza-kudeaketan izan dituzten esperientziak kontatzen dizkiote elkarri monitoreek, izan dituzten eragozpenak eta erabili dituzten estrategiak partekatuz.