Ahalegin berezia egin duzue azken urteotan ikastaroak euskaraz emateko, ezta?
Lasaitasunez egin dugu, ondo informatuz, inolako presarik gabe. Duela hamar urte hasi eta, kontzientziaturik, duela sei heldu genion sendo proiektuari. Oso ondo doa, monitoreek oso barneratuta daukate. Jarrera ona dute oro har, ez dugu inolako arazorik izan, ezta bezeroen edo erabiltzaileen aldetik ere. Beti egon daiteke kasuren bat, baina ez dugu arazorik izan.
Euskara erabiltzen dute beraz monitoreek?
Bai, pertsonalki bakoitzaren harremanak ez dakit nolakoak izango diren, agian kanpoan joera dute gaztelania erabiltzeko, baina, hemen, kiroldegian, oro har, elebidunak garenez, dena euskaraz egiten dugu.
Monitore elebidunak izateak eragina al dauka kirol zerbitzuan eta bere kalitatean?
Bai eta onerako. Elebidunak gara, ikastaroa euskaraz jaso nahi duenari euskaraz zuzenduko zaio monitorea eta, aldamenekoari, erdalduna bada, bere ama hizkuntzan, gazteleraz. Sentsazioa da arreta norberaren neurrikoa, pertsonalizatua dela.
Beharrezkoa denean, banaka, azalpenak beste hizkuntzan emanaz beraz...
Tratu berezia ematen zaie. Ez da sekula erabiltzaile bat behin ere hizkuntzarengatik zer egin behar den ulertu gabe geratuko. Hori ez da gertatzen.
Zein da azken helburua? Erabiltzaileari nahi duen hizkuntza erabiltzeko aukera erraztea?
Bai, eskubide bat da eta bultzatu egin behar da. Zailena monitore elebidunak aurkitzea zen, baina orain erraztu da, gazte gehienak elebidunak direlako. Ez dugu alde horretatik arazorik.
