“Hondakinen kontuan asko hobetu behar dugu”

maider-azurmendi 2012ko martxoaren 19a

Sanmarkotik hainbat izan dira hilabeteotan gure herrian burutu diren kontzienziazio kanpainak. Hauek duten garrantziaz mintzatu da Mankomunitateko egungo lehendakaria Ainhoa Intxaurdieta.

Larunbatean Lasarte-Orian izan da bigarren eskuko azoka. Aurretik eskoletan egin da Zirt edo Zart ekimena. Beharrezkoak al dira oraindik horrelako kontzientziazio kanpainak?
Dudarik gabe. Kontzientziazio kanpainak beti izango dira beharrezkoak, hondakinak sortzen ditugun unetik, hauekin zer egin behar dugun argi izan behar dugu, gauzak ondo egin nahi baditugu behintzat.

Olaiaren erronka kanpaina ere hor duzue. Zein helbururekin jarri duzue martxan hain ekimen berritzaile eta deigarria?
Helburu garrantzitsuena da jendeak birziklatzea eta birziklatzen duen hori ongi egitea. Zalantza asko sortzen dira birziklatzeko orduan gauzak ondo egiten ari garen ala ez eta hauek argitu nahi ditugu.
Beste helburu bat gazte jendea kontzientziatzea izan da eta horregatik hain zuzen, internet bitartez jarraitzeko aukera dugu, Facebook, Twitter eta Tuenti bidez interakzioa, galderak planteatu, egoera berriak proposatu etab.

Ekoshopper ere lehen aldiz antolatu duzue. Jendearen erantzuna ona izaten ari al da aipatutako ekimen guztietan?
Bai, erantzun ona espero genuen, baina uste baino hobea izan da. Ekoshopper kanpaina hasi genuenean, hainbeste dei jaso genituen kanpainan parte hartzeko, bi astez luzatu genuela deiak egiteko aukera, ahalik eta lagin errepresentatiboena lortzeko biztanleriaren artean.
Olaiaren Erronkarekin ere ikaragarria izan da, 6.200 pertsonak egin ditu galderak internet bidez, nola birziklatu behar zen, aportazioak etab.

Aipatutako ekintzak hondakinak murriztu eta prebenitzeko planaren barruan txertatua daude. Birziklapenaren inguruan bide luzea egiteke dagoela esango zenuke?
Bai. Legeak dioen bezala, hondakinekin eman beharreko lehenengo urratsa, hauek murriztea da, hau da, gutxiago sortzea, bigarren pausua, sortutakoak berrerabiltzea, hirugarrena, birziklatzea, laugarrena, energetikoki balorizatzea eta azkenik, hauek deuseztea.
Hau hierarkia bat da, hau da, ezin da hurrengo pausura pasa, ahalegin guztiak egin gabe gauden pausu horretan.
Gaur egun Gipuzkoako birziklatze tasa % 34,19an dago, baina bertan badaude lau herri, portzentaia %80tik gora dutenak. Zalantzarik gabe, asko hobetu behar dugu.

Azken urteetan herritarrek hondakinen kontua beste modu batera ikusten dutela uste duzu?
Pixkanaka pixkanaka bagoaz. Azkenean ardura kontua da, hondakinak guk sortzen ditugu eta gure ardura da hondakin horiek behar den bezalako tratamendua jasotzea, ingurumenagatik, gure osasunagatik eta baita ekonomikoki ere. Baliabide bezala ulertu beharrean eta gainera dirua jaso horiengatik, zabortegira botatzen ari gara, kutsatuz eta izugarrizko diru kopuruak ordainduta.

Ekimenetatik at, Mankomunitateak zein lerrotan bideratuko du bere lana datozen hilabeteotan?
Guri dagokigun arloan, lehen aipatu dudan lege hori beteaz, hau da murrizketa, berrerabiltzea eta birziklatzea. Gure etorkizuna eta gure seme alabena, osasuntsua eta naturarekin bat nahi dugulako.

Erraustegia eta atez atekoaren kontura adostasuna lortuko dela uste duzu?
Adostasuna lortu behar dugu. Horretarako bidea zentzudunak izatea da, alderdikeriak alde batetara utzi eta elkarlanean aritzea. Osasuna, ingurugiroa baita ekonomikoki dituen onurak defendatzea.