“Udalean lehen hitza euskaraz izatea naturalena beharko luke”

maider-azurmendi 2012ko mar. 19a, 01:00
Udaltop topaketak burutuko dira laugarren urtez herriko Manuel Lekuona kultur-etxean. Hauen antolaketan buru belarri dabil Iñaki Arruti Udaleko Euskara Zerbitzuko Teknikari Burua. Aurtengo gaia izango da "Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo!". Topaketak 150 profesional baino gehiago bilduko ditu ostegun eta ostiralean.
Topaketa hauen laugarren edizioa izango da eta Lasarte-Oriako euskara zerbitzutik ari dira dena antolatzen. Iñaki Arrutik hauetan jorratuko direnak azaldu dizkigu.

2009an ospatu zen lehenengoz Udaltop. Zergatik topaketa hauek?
Euskara zerbitzuan ideia bezala sortu zen. Betidanik izan da gure lanaren asmo bat hizkuntza nola biziberritu eta egia da Euskal Herri osoan zehar udaletxe ia guztietan dagoela Euskara zerbitzua. Bakoitza oso ezberdina da baina beti baloratu izan dugu arazo oso berdinak dauzkagula. Horregatik ikusi genuen urtean behin biltzea ondo legokeela amankomunean jartzeko arazo horiek, gure artean aukeratutako gaiaren inguruan hitz egitea oso interesgarria izango zela.
Udal mailako hizkuntza politikaren inguruan Alcoy, Alacanten egiten diren jardunaldietara joan nintzen nola burutzen ziren ezagutzera eta horiek eredu hartuta, prestatu genuen lehen topaketa 2009an. Aldundiak babesa eman zion proiektuari berehala eta ondoren jaso genuen, Jaurlaritza, EUDEL eta Kutxaren laguntza ere.

Nola aukeratu dituzue topaketako gaiak?
Lehena guk aukeratu genuen eta interesgarria iruditu zitzaigun euskararen transmisioa familiaren barruan nola landu jorratzea. Beti ere kontutan izanda: zer egin daiteke udaletik horretan laguntzeko? Horren bukaeran erabaki genuen bertaratutakoei galdetzea ea zein izan zitekeen hurrengo topaketen gaia eta hala erabaki dira hurrengoak.
Azkeneko edizio honetan “Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo!” askotan jendeak uste du erakunde batek egiten duen hizkuntza politika, hezkuntza politika departamentutik egiten dela, baina hori erdizkako egia da. Erakunde bateko hizkuntza politika norbaitek ikusi nahi badu, hobe du euskara saila ordez, beste sailetako hizkuntzaren kudeaketa ikustea.

Topaketa hauetatik jaio al dira amankomuneko lanerako bideak?
Elkarrekin lan taldean aritzeko aukera izaten dugu azken jardunaldian eta hemendik ateratzen dira askotan ondorio eta jorratu beharreko gaiak. Bakoitzak pista batzuk ateratzen ditu entzundakotik eta ondoren bakoitzak berera eramaten du. Horren aplikazioa geratzen da bakoitzaren esku. Betiko asmoa da amankomuneko bideak jarraitu ahal izatea erakunde guztietan baina horrek eragina badu beste esparru batzuetan eta ez dago hizkuntza teknikarien esku soilik.

Aurtengo egitarauari dagokionez zer esango zenuke?
Hiru ataletan banatuta dago. Batetik alde teorikoa dago, horretan aurten bi ekarpen, Bernat Joan i Mari Katalan Filologian doktorea, soziolinguista. Europar Parlamentuko kidea izandakoa eta Kataluniako Generalitateko Hizkuntz Politikako Idazkari izandakoak ekarriko duena eta Mari Luz Esteban EHUtik Gizarte Antropologia irakaslea denak aurkeztuko duen “Feminismoa, euskaragintzarako gogoeta-tresna”.
Bigarren atala ikerketa ekintza da. Horretarako datoz Eralanekoak Bermeoko udalean burututako esperientzia baten inguruan hitz egitera. Azkenik, hirugarren atala praktikak lirateke, hau da, esperientzia ezberdinak ezagutzeko aukera izango da. Aipatu ere, ahalegin berezia egin dugula kargu politikoak ekartzeko hizlari eta baita entzule modura ere.

Baina azoka eta erakusketa bat ere egongo dira.
Bai azokan hizkuntza zerbitzuak ematen dituzten Ttakun bezalako elkarteek aukera izango dute euren produktu eta zerbitzuak erakusteko. Erakusketan, telebista batzuen bidez, Euskal Herriko zazpi esperientzia ezagutu ahal izango dira.

Orokorrean nola ikusten duzue topaketa?
Guretzako aurtengoa nolabait esateko, bidegurutze bat izan da. Aurtengo gaiak etortzen zen jende klase bat ez etortzearen arriskua zekarren. Administrazioko gaia izanik, kultur elkarteei agian gaia urruti geratuko zitzaielako. Hau ikusita zalantza izan genuen gaiarekin baina aurreko urteko parte hartzaileek aukeratutakoa zenez, aurrera egitea erabaki genuen. Azkenean erantzuna ona izaten ari da, 150 matrikulatik gora ditugu, beraz oso pozik iazko zenbakietan ari garelako mugitzen.
Egitarau ona egiten saiatu gara eta gu pozik gaude.

Zer da euskara zerbitzutik lantzen ari zaretena?
Berritasuna azpimarratuz, kontutan izan behar da udalaren osaketa desberdina izan dela, termino linguistikoetan ari naiz, arduradun politiko guztiak elebidunak dira eta horrek eragin du, udal barruko jarduna ere euskalduntzea dakarrelako. Horretan ari dira ordezkari politikoak eta departamentu bakoitza lan handia egiten ari da langile guztiekin harremanak euskaraz izan daitezen egunerokoan.

Uste duzu herritarrek nabaritu dutela udal zerbitzuetan euskararen presentzia handiago hori?
Aldaketak, eta batez ere, hizkuntzari dagokionez, motelak izaten dira. Ez dira berehala nabaritzen. Prozesu bat da eta bi bide ditu, batetik udalak barruan hizkuntzaren kudeaketa hobea egin behar du eta horretan ari gara eta bestetik, herritarrak izan behar dira aldaketa honetan eragile. Hau da, beraiek dira udalari hala jardutea eskatu behar diotenak. Honen harira blog bat jarri da martxan,”zuk esan” eta ari gara pausoak ematen.
Hala ere lan asko egiteko dago oraindik izan ere oraindik herritarrak erakunde, administraziora jotzen duenean, ematen du hauetan gazteleraz hitz egitea dela normalena eta joera hori aldatu behar dugu. Bideak topatu behar ditugu lehen hitza euskaraz esatea arruntena eta naturalena izan dadin beti.