Egunero web-ean jartzen dituzten albisteen artean garrantzitsuenak jaso dituzte lehen buletinenean eta guztien artean hiri-hondakinak jasotzeko 5, edukiontziaren alde eta atez ateko bilketa sistemaren aurka aurkeztutako proposamena nabarmendu. Jesus Zaballosek kritikatu egin du Pablo Barrio alkateak ez diola proposamenaren onarpenaren berri eman Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari.
Beste hainbat gai ere jorratu dituzte PSE-EEren berri-paperean, besteak beste soilik alderdi honek bultzatu duen Kotxeras-ko 1001 etxebizitzen proiektua, herriko azpiegituren eta Zerbitzu Publikoen egoera kaxkarra, Lasarte-Oriako zerga-arauaren aurkako jarrera, lan-kontratazioen hizkuntza-eskabideen kritika, Udal langileen lan egutegiaren aurkako helegitea, udal-aurrekontuak, hiribusa eta zarataren kontrako pantailak. Ez dira gai berriak baina Jesus Zaballosek banan-bana egin du bere alderdiaren jokabide eta jarreraren errepasoa. Lasarte-Oriatarrek postontzian jasoko dute berri-papera egunotan.
Buletinarekin batera, Herritar Plaformari eta Ana Isabel Prieto zinegotziari erantzuten dion orria ere banatuko du PSE-EEk etxez etxe, “Cree el ladrón que todos son de su condición” izenburu esanguratsuarekin. Plataformak Zaballos bozeramaleari leporatutako “kexa, gezur eta akats mentalak” PSE-EEk harriduraz irakurri dituela esanaz hasten da idatzia eta lapurrak denak lapur direla uste duela dioen esaera aipatzen dute ondoren.
Zentsura mozioa
Gogor kritikatu du PSE-EEk Plataforma Lasarte-Oriako Udal Gobernuan izatea, Pablo Barrio alkate izendatzeko adostutakoa bete ez denean. Jesus Zaballosek zentsura mozioa aurkezteko gonbidapena luzatu dio Ana Isabel Prieto Plataformako zinegotziari.
Plataforma Lasarte-Oriako gobernuan dagoela nabarmentzen du PSEk. “Lotsatuta aitortu nahi ez badute ere, Bildu eta EAJrekin gobernatzen ari da. Barrio alkate izendatzeko hitzarmena sinatu zutela diote, ez berarekin gobernatzekoa. Gezur honek ordea azalpen erraza du”. Salaketa orrian PSEk gogoratzen du Plataformak Barrioren alde egiteko zenbait konpromiso adostu zituztela eta ez direla bete. “2012ko martxoan gaude eta Barrio izendatzeko exigitu zutenetik ezer ere ez dute bete eta Prieto andereak ez du batzorde edo udal batzarren batean ere hori eskatu. Barrio alkateak ez du bete, ez aurrekontuak aurkezteko, ez funtzionamendu araudia egiteko, ez diru-laguntzen ordenantza prestatzeko Plataformak jarri zion eperik, eta ez du udal kudeatzaile bat izendatzeko plataformaren eskaera bete, baina izan du idazkari eta prentsa arduraduna izendatzeko denbora eta aurrekontua”. Hori salatzen du orrian PSE-EEk eta astelehen goizeko prentsaurrekoan zuzenagoa izan da Jesus Zaballos, Ana Isabel Prietori zera esanaz, alkatea aukeratzerakoan hitzartutakoa ez badute bete, aurkeztu dezala alkatearen aurkako zentsura-mozioa.
