Zabaletan hasiko da parte hartze prozesuaren bigarren fasea

Txintxarri 2012ko martxoaren 20a

Zabaleta auzoan gaur arratsaldeko 19:00etan egingo den bilera izango da Parte Hartzeko prozesuaren bigarren fasearen abiapuntua. Lasarte-Oriako Udalak duela hilabete batzuek hasi zuen prozesu honen lehen fasearen balorazio positiboa egin du, eta orain fase horretan egin ziren 280, kexa, proposamen edo ekarpenak aztertu eta bateratzeko garaia da.

Lehen faseko bilera Zabaleta auzoan. Alaitz Mendizabal zinegotzia eta Pablo Barrio izan ziren bertan
Arratsaldeko 19:00etan zabaletarrek bigarren hitzordua dute udal ordezkariekin. Herriko auzo ezberdinetan egin diren bileratan jasotako proposamen eta egin den diagnosia aztertuko dute eta lehentasunak finkatu. Udal ordezkariek adierazi dutenez, “auzotarrek ikusten dituzten lehentasunak komunean jartzeko garaia izango da”.
Gaurko bileraren ondoren beste auzoetan egingo dira, besteak beste Oztaran, Zatarain eta Kaxkarroko bizilagunekin, Basaundi eta Oriako herritarrekin, Goikale eta Zumaburukoekin, Atsobakar eta Urbartekoekin, Sasoeta eta Loidibarrengoekin eta Lasarte-Oria erdiko biztanleekin.
Udalak garrantzi handia ematen dio herritarren iritzia jasotzeari.