23_LAB-ek deituta, manifestazio jendetsua Lasarte-Orian

jon-altuna-egitegi 2012ko martxoaren 23a

Jendetsua izan da LAB-ek Usurbil eta Lasarte-Oriarako deituta zuen manifestazioa. Bertan, martxoaren 29ko grebarako deialdia luzatu nahi izan diete herritarrei eta "inposaketa, ukazio eta errepresioaren gainetik", justizia sozialean oinarritutako Euskal Herri burujabe baten aldeko aldarria egin dute.

Jende asko bildu da LAB-ek deituriko manifestazioan, "Inposaketen aurrean, burujabetza" lemapean.

Herriko kaleak kolore gorriz jantzi dira gaur iluntzean. LAB-ek deitutako manifestazioan Usurbil eta Lasarte-Oriako ehundik gora lagun bildu dira langileen eskubideen defentsan. Herriko kaleak zeharkatu ostean, Jon Martin Lasarte-Oriako LAB-eko bozeramaleak hitza hartu du eta grebara joateko arrazoiak azaldu ditu.

Grebarako arrazoiak

Martinen hitzetan, krisia hasi zenetik, diru publikoa bankuei "oparitu" egin zaie, eta oraindik ere hala gertatzen omen da. Bestalde, langileak erreforma eta murrizketak bata bestearen atzetik pairatzen ari direla salatu du eta horrek langabezia hedatu eta "beldurra" zein "ezinegona" zabaldu besterik ez dituela egin esan du. Izan ere, kaleratzeak "merkeagoak" izango direnez, prekarietatea "mugarik gabe" zabalduko denaren beldur dira LAB-eko kideak eta emakumeen eta gazteen kolektiboa kolpatuko omen ditu gogorren.

Kapitalaren helburuak

Martinen arabera, kapitalak hurrengo helburuak markatuta ditu jada: "Babes sozialaren esparrua zein Hezkuntza eta Osasun sistema publikoa ditu begiz jota, baina badakigu kapitala ez dela inoiz konformatzen, badakigu ez dela geldirik geratuko. Beraz, guzti honi aurre egin behar diogu, eta horretarako, martxoaren 29a langileon borrokan mugarri izatea nahi dugu Euskal Herriak ezetz esango baitie inposaketei". Argi dute era berean, Euskal Herriak burujabetza ekonomiko eta politikoa behar dituela, justizia sozialen oinarritutako gizarte bat eraiki ahal izateko.

Amaiera eta deialdiak

"Gora Euskal Herria askatuta!" eta "Gora Euskal Herria sozialista!" aldarriak oihukatuz eta eusko gudariak kantatuz amaitu dute manifestazioa. Horretaz gain, martxoaren 29an goizeko 8:00etan eta arratsaldeko 16:00retan kotxe karabanak antolatu dituztela jakinarazi dute eta bertan parte-hartzeko deialdia luzatu dute herriko LAB-eko kideek.