Ganbara astindu

Mailu Arruti 2012ko martxoaren 23a

Krisia krisia eta krisia besterik ez dugu entzuten azken aldian, eta dena txarrerako. Ogi gogorrari hortzak zorrotz! Esaten da horrelakoetan. Krisi honek ere izango du ba ezer onik ez?
Ez da denbora asko, prentsan artikulu baten bidez, DIY mugimenduaren berri izan nuela. Inglesezko izenaren siglak dira (Do it yourself). Egin ezazu zerorrek alegia.
Internetera jo eta oso gauza polita, positiboa eta erakargarria topatu nuen. Nonbait DIY mugimendua punkien garaikoa da.
Baina orain gehienoi baliabideak urritu zaizkigun honetan, berriz ere indarrean jarri ote den ba…
Gauza interesgarriak aurkitu ditut. Esate baterako autoak konpontzen dituzten tailer batean, filtroen aldaketak eta gauza xinpleak egiteko, erreminta uzten dizute, bertako langileei galdetu diezaiekezu laguntza behar izan ez gero, errekanbioak saltzen dizkizute, baina eskulana zerorrek jartzen duzu.
Madrilen ireki omen dute "kafe costura" deitzen den lokal bat. Galtza barrenak egin behar dituzula, edo kurtina bat josi, edo al dakit nik zer lantxo, ba toki horretara joan, lana zein den azaldu, eta bertako pertsona batek laguntza eskainiko dizu, josteko makina orduka alokatuko dizu eta bitartean kafetxo bat har daiteke.
Ez al da bitxia? ez al da polita? ez al da interesgarria?
Berehala etorri zitzaizkidan iparraldean hain estimatuak diren ganbara hustuketak. Bigarren eskuko ia ezer ez dugu guk erabiltzen. (Autoa, etxea edo horrelakoren bat gehienez)
Askotan komentatu izan dugu europar udatiarrak zer nolako kotxeak, karabanak, autokarabanak , txalupak ea. Ekartzen dituzten. Beraien bizi mailaren seinale eta aldi berean beraiek eta beraien haurrek zer nolako bizikleta zahar eta herdoilduak erabiltzen dituzten. Guk ez genuke horrelakorik egingo gure haurrek bizikleta berriak dituzte. Nahiz eta ahalera ekonomiko handiagoa izan, berrerabilpenaren kontzientzia ere guk baino handiagoa dute.
Erabili eta bota. Horretara ohitu gara azken aldian baina zerbait pentsatzeko garaia iritsi zaigu. "Zaborrez" lepo gaude. Bazter guztiak trastez, jostailuz, erremintaz, arropaz josita dauzkagu. Guk nahi/ behar ez duguna agian besta batek gustura erabiliko du. Eta agian guk ere zerbait interesgarria topa dezakegu.
Hasi dira bigarren eskuko azokak, trukea sustatzen dutenak ea. Lehen pausotxoak.
Ohituta gaude asko pentsatu gabe joan eta erosi, joan eta erosi….zokora bota, utzi, zakarretara, edo erdiko pausua, ganbara igo!
Beharrak bultzatuta besterik ez bada ere, erosi aurretik ganbara astindu beharko genuke. Eta bi zentzutan diot. Lepo gainean duguna astintzen behingoan berrerabilpena sustatzeko eta teilatupean dugun ganbara horretara buelta gehiago egin eta traste zaharrei bizi berria eman.