Giro ezin hobean, lehengo martxoaren 11ean, Oinatz taldeko lagunek 84 herritarrekin batera Sara eta Zugarramurdi aldera irteera egin zuten.
Antolatzaileak harrituta geratu ziren irteerak izandako harrerarekin. “Haur eta guraso asko etorri ziren, ikastetxeetara egindako deialdiari esker” azaldu digute.
Sorginak eta kobazuloak
Herritarren taldea Lasarte-Oriatik abiatu eta Zugarramurdirako bidea egin zuen.
Bertan Sarako kobazuloetara dagoen mendi bidea hartu eta oinez ibilaldia egin zuten. Sara, Zugarramurdi, Urdazubi eta Ainhoak osatzen duten Xareta eskualdeko mendien bista ederra izan zuten honetan.
Sarako kobazuloan, berriz, leizearen eraketa geografikoa eta aztarna megalitikoak ikusi ahal izan zituzten bertatik bertara. Era beran, Euskal Herriko sinesmenei eta aita Jose Migel Barandiaran-en lanari buruz ere ikasi zuten zerbait.
Arratsaldean, autobusa hartu eta Zugarramurdira, sorginen herrira bueltatu ziren.
Honetan leizeak bisitatu zituzten. Sorginen leizeak lurrazaleko gune karstiko ikaragarria dira.
Gune honen izena, antzina leizearen zenbait salatan egiten ziren ospakizun paganoetatik hartua da. 1609tik 1614ra bitartean Inkisizioak bertan burututako prozesuaren arabera, Zugarramurdin sorginkeria egiten zela erakusten zuten ospakizun hauek.
Honela, sorginen munduan pixka bat murgildu ostean, sorginen museora egin zuten bisita. Honetan, 1610eko inkisizio-prozesuan Zugarramurdin eta inguruetan XVII. mendean gertatutakoaren berri izan zuten.
Azkenik, herria ezagutzeko aukera ere izan zuten.
Lasarte-Oriako mugak
Gauzak honela, Oinatz taldeko kideek irakurketa oso positiboa egin dute. “Giro oso ona egon zen eta oso gustura ibili ziren guztiak bai haur, baita gurasoak ere,” adierazi digute.
Dagoeneko hurrengo irteera prestatzen ari direla aurreratu digute. “Iaz arrakasta izan zuen eta berriro egitea erabaki genuen”. Txangoa Lasarte-Oriako mugak eta herriko historiari buruzkoa izango da.