Munduko hizkuntzak bi egoeretan daude, normalizazio egoeran batzuk eta desagertzear besteak. Euskara eta katalana erdi bide batean kokatu dituzu. Zergatik?
Irakasle batek esan bezala “Euskadi eta Espainia bi inpotentzien adibide da. Euskadirena euskararen normalkuntza osoa oraindik lortu ez izanagatik eta estatuarena, euskal kultura eta hizkuntza ez onartzeagatik”. Hau da, hemen ez da lortu Danimarkako eredura iristea eta haiek, estatuak ez du lortu hau Gaztela eta Leon bezala izatea. Horregatik diot katalana eta euskara erdi bide horretan daudela, inorena ez den lurraldean.
Duela 100 urte hizkuntza gehiago zeuden tentsio egoeran, gatazka linguistikoan eta guzti hauei erreparatuz ikusi da bide bat edo bestea hartu dutela.
Erdi bide honetatik batera edo bestera joko du euskarak?
Hizkuntzen egoera dinamikoa da. Oraingo egoera hau ezin dut 50 urte barru imajinatu. Ez euskararekin ezta katalanarekin ere. Nire ustez ordurako euskara euskal gizartearen hizkuntza izango da eta ez dakitenek ondo ulertuko dute. Erdi bide honetan ezin du jarraitu, ez da gertatu halakorik.
Baina zergatik bi bide hauek?
Ez dago beste eredurik. Kontutan izan behar da jendeak hizkuntza ekonomiarako joera daukala, eguneroko ekintzak hizkuntza batekin lotzeko joera dugu, erabilgarria izango zaiguna nahi dugu. Horregatik euskara gizarteko esparru guztietan erabilgarri nahi dugu eta hori lortu behar da.
Kontutan izan behar da hizkuntza gutxituen aurkari direnek oztopoak jartzeko garaian erabilera eremuetan jarriko dituztela. Saiatuko dira hizkuntza hauek lekurik ez izatea administrazioan, eskoletan...Oraingo borroka horixe da, gure hizkuntza esparru guztietan erabilgarri nahi dugunon eta nahi ez dutenen arteko gatazka.
Euskararen etorkizunari dagokionez baikorra zara.
Guztiz baikorra naiz, katalana eta euskara ez dira desagertuko. Hau esatera ausartzen naiz bi joera oinarri hartuta. Batetik, gure hizkuntzen presentzia oso esanguratsua da sare sozial eta Interneten. Kontutan izanda gure hiztun kopurua, izugarrizkoa da gure lekua sarean, oso hiztun komunitate aktiboak ditugu.
Bestetik, euskal gizartearen piramide demografikoan argi ikusten da 15-20 urte bitartekoan daudela euskal hiztun gehienak. 40-50 urtekoetan aldiz, gutxiengo nabarmena. Tendentzia ona da. Geroz eta gazteago orduan eta hiztun gehiago beraz, euskarak badu etorkizuna. Aipagarria da ere badela euskal gizartean pertsona talde bat, gaztelera hizkuntza bakarra izanda ere, euren seme-alabak eskolan D ereduan matrikulatu dituztenak. Beraiek ez dakite baina etorkizuna euskaraz nahi dute seme-alabentzat.
Zeintzuk dira prozesuan jarraitu beharreko urratsak?
Erakunde eta gizarteak lan handia egin behar du legegintzaren esparruan batetik. Bestetik, norberak indibidualki “autozentratu” behar du. Norberak prozesuan egin dezakeenaz jabetu eta arduratu.
Guri dagokigu gure hizkuntza esparru guztietara eramatea eta bermatzen ez direnean, gure hizkuntza eskubideak aldarrikatzea. Denek halako jarrera aktiboa hartuta, menderaezinak izango gara.
Euskal hiztun guztiek bide bera hartu behar dute.
Gizarte kohesioa beste elementu garrantzitsu bat da normalizazio prozesuan. Kasu honetan erakundeek lan handia dute egiteko. Eurek lortu behar dute gizarte bateratu bat. Erakundeek gizarte eredu erakargarri bat sortu behar dute eta gizarte eredu horretan euskarak behar du ezinbesteko elementu izan.