Lasarte-Oriako Kirol Zerbitzuak antolatzen duen XXIV. Squash txapelketa soziala dagoeneko martxan da. Astelehenean hasiera eman zitzaion bi partidarekin eta ekainera bitartean astelehenetik ostiralera norgehiagokak ikusteko aukera izango da kiroldegian.
Kirol zerbitzuak jakin arazi duenez, aurtengo edizioan 17 jokalarik parte hartuko dute txapelketan eta horien artean, ez daude azken bi urteetan finala jokatu duen bikotea, Alberto Udabe eta Agustin Erkizia. Horregatik, aurreko urteetan ez bezala, aurtengo txapelketan finalerako txartela eskuratzeko lehia bizia izango da.
Ligaska
Lehiaketa sistemari dagokionez, txapelketa hiru fasetan banatu dute antolatzaileek.
Lehenengo fasean, bi taldeetan banatu dira jokalariak, bata bederatzikoa eta bestea zortzikoa.
Hauek ligaska-sistema erabiliz lehiatuko dira. Itzuli bakarra egingo dute eta talde bakoitzeko lehenengo hirurak txapeldunen faserako sailkatuko dira.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, bigarren fasean jokatu ahal izateko lehenengo faseko partida guztiak jokatu behar dituzte.
Finalak
Txapelketako bigarren fasean, bi lehiaketa desberdin izango dira, batetik txapeldunen fasea eta bestetik kontsolazioa.
Lehenengo fasean sailkatu diren sei jokalariek ekainean jokatuko den finalerako lehia zuzenean sartuko dira, txapeldunen fasean.
Sei partehartzailek haien artean ligaska jokatuko dute eta sailkapen honetako lehennengo biek txapelketako final handia jokatuko dute irabazlea zein den erabakitzeko.
Era berean, finaleko egunean, hirugarren eta laugarren postuetako norgehiagoka izango da. Honetan, txapeldunen faseko hirugarren eta laugarren sailkatuak ikusi ahalko dira aurrez aurre.
Bestalde, aipatu legez, kontsolazioa ere jokatuko da.
Honetan txapelketako gainontzeko hamaika jokalariak izango dira. Kanporaketa sistemaren bitartez, kontsolazioko finaleko bi jokalariak nortzuk diren erabakiko da.