Intza Kirol elkarteko nagusien bikotea Udaberri txapelketako finalaurrekoak jokatzen ari da. Lehengo astean, Eskoriatzan 22-19 irabazi zuen herriko bikoteak eta asteburu honetan Michelingo pilotalekuan izango dute itzuliko partida.
Joxe Felix Solano entrenatzaileak azaldu digunez, partida borrokatua izan zen eta pilotalekura egokitzeko arazoak izan zituzten hasieran, “motzagoa zen eta”.
Larunbata honetan etxean jokatuko dute, “20 puntu egitea nahiko ditugu” aipatu digu. Hala ere, Intzako entrenatzaileak adierazi duenez, irabaztea espero dute.
Partida honetan Xabi Arteaga eta Mikel Elola izan ziren bikote. “Lesioak direla medio, txapelketan zehar bikotea aldatzen joan da. Jon Peio Artetxe eta Aitor Aranburuk ere Mikel Elolarekin jokatu dira txapelketan zehar”, adierazi du Solanok.
Eta finalean, Zumaiaren aurka jokatzea aurreikusten dute. “Haiek ere lehenengo partida irabazi dute eta bigarrenean ere horrela izango dela uste dugu”.