Alaitz Mendizabalek Parte-Hartze Batzorde berriaren ardura hartu zuen duela zortzi hilabete baino gehiago. Herritar gaztearentzat Udaletxean sartzea aldaketa handia izan da. Arotza ogibidez, arazorik ez du tarteka bere trebezia Udaletxeko altzariekin erakusteko. Auzoz-auzoko bileren arrakastarekin oso pozik dago eta itxaropentsu azaldu zaigu nahiz eta aitortu hasiera ez zela erraza izan.
Lehenik eta behin, zer moduz joan dira auzoz-auzoko lehen bilerak?
Oso gustura geratu gara jendearen erantzunarekin, bai kopuru aldetik, baita jendearen jarrerarekin ere.
Parte-hartze dinamika berria izan da, pentsa herri honetan inoiz ez dela antzekorik egin. Hala ere, nahiz eta batzuei hasieran kosta egin zaien kontzeptu berri hau barneratzea, erabilitako metodologiarekin jendeak ondo erantzun du, talde txikitan jartzeko garaian batez ere, hitz egiten hasi orduko beldur guztiak kentzen zituzten eta gehiengoak bere eskaerak konpartitu izan ditu.
Denera 180 parte-hartzailetik gora izan dira zazpi bileretara gerturatu direnak eta 280 proposamen jaso dira orotara.
Nolakoa izan da herritarrekin lehen harreman hori?
Auzoetara joan gara gertutasun hori auzotarrei transmititzeko eta nik uste dut lortu dugula. Jendeak eskertu egin du udala auzoetara hurbildu izana eta dituzten eskaerak azaltzeko eman zaien aukera.
Nik pentsatzen dut informazioaren norabidea behetik gorakoa izan behar duela beti. Hau da, herritarrek Udaletxean zuzenean adierazi behar dituzte herrian ikusten dituzten arazoak eta beharrak beraiek baitira lehenengo pertsonan pairatzen dituztenak.
Bestetik, udalak ere bere aldetik herritarrak behar bezala informatu behar dituela iruditzen zait.
Hurrengo urratsak zeintzuk izango dira?
Auzoz auzoko 2. fasea bukatzen dugunean herriko kirolan, kulturan, gazte jendearen artean,… eta beste horrenbeste arlotan jarraitu nahi dugu lanean. Beraien proposamenak jasotzea ere garrantzitsua izango da eta horrela eremua osatuagoa geratuko dela iruditzen zait, aldi berean, diagnostiko zabalago bat edukiko dugu.
Proposamen hauen guzti en artean herritarrek aukeratuko dituzte zeintzuk izango duten lehentasuna. Hauekin elkarlanean hasiko ginateke orduan udala eta interesatua dagoen herritar ororekin.
Zein da zure helburua Parte Hartze batzorde berri honen burua izanda?
Helburu garrantzitsuena udalaren lan egiteko moduan parte hartzea txertatzea izango litzateke, bai udala beraren baitan, baita herri mailan ere.
Udala herritarrengana gerturatu behar da eta alderantziz, herritarra udalera. Herritarrek beraien iritzi eta ekarpenak kontutan hartzen ditugula sentitu behar dute. Bien arteko elkarlana egon behar duela iruditzen zait, hau da, bi norabideko komunikazioa ezinbestekoa da.
Nola daramazu Udaletxeko lana? Gustura al zaude?
Hasiera nahiko gogorra egin zitzaidan. Ikasten nenbilen eta goizean klasera joaten nintzen eta arratsaldean lanera. Honetaz gain, lan honetan esperientziarik ez nuen, dena berria zen niretzat. Pixkanaka buruan geneuzkan proiektuak aurrera doazela ikusten duzunean eta herritarren erantzuna ona dela ikusten zoazen neurrian, gogotsu hartzen duzu lana eta horrek izugarrizko indarra ematen dizu aurrera egiteko.
Pertsonalki, aberasgarria al da zu bezalako gazte batentzat ardura politiko hau hartzea?
Udaletxean sartu berritan egin bazenit galdera hau ez dakit zer erantzungo nuen. Hala ere, momentu honetan zortzi bat hilabete pasa ondoren eta ikasi dudan guztia kontuan izanda, guztiz aberasgarria dela iruditzen zait.
Oker ez banago arotza zara ogibidez, guztiz lan ezberdina da Udaletxekoa. Nola uztartzen dituzu?
Zortzi urtez egin dut lan arotza bezala, fabrika itxi izan ez balute, agian han egongo nintzen baina bizitzak buelta asko ematen ditu eta orain oraingoa.
Hala ere, esan behar dut batzuetan Pablok (alkatea) eskatu izan didala Udaletxeko aulkiren bat konpontzeko eta gustura egin izan dut! Orain ere uste dut baduela “txapuzaren” bat niretzat prest.
Diozun bezala, lan oso ezberdinak dira baina biak dira interesgarriak. Zabiltzan lanean gustura egotea da garrantzitsuena eta horretan zure burua baloratua sentitzea.
Zure eguneroko bizitza asko aldatu al da udal gobernuko parte zarenetik? Bizilagunek zuregana jotzen dute udalarekin izan ditzaketen arazoak komentatzeko?
Egia esan asko aldatu da nire bizitza. Lehen lasaiago bizi nintzen, denbora gehiago neukan niretzako eta buruari ez nizkion horrenbeste buelta ematen. Baina alde txarrak eta onak alderatuta, egungo lan honen alde onak gehiago direla iruditzen zait. Horien artean sartuko nuke herritarrekin harremana edukitzea eta esateko dutena entzutea.
Nahikoa irekia naizela iruditzen zait eta gustura sentitzen naiz jendearekin hitz egiten. Batzuetan loreak botako dizkizute eta beste batzuetan harriak baina beno, nik argi daukat betiere herritarren alde egingo dudala lan eta ezagutzen nautenek hori badakite.
Zer da orain arte okerren daramazuna?
Okerren egia esan, ordenagailuaren laguna ez naizela eta askotan haserretzen garela, eskerrak gero bakeak egiten ditugun, bestela… Niretzat hoberena da momentu honetan herritarrak konturatu direla gauzak beste modu batean egin daitezkeela.
Udaletxe barrutik herria desberdin ikusten al da?
Ezberdina da udalaren barruan egon edo kanpotik ikustea. Biak probatu ditut eta kanpotik oso ezberdin ikusten dira gauzak. Barruan zaudenean udalaren funtzionamendua konplexuagoa dela ikusten duzu eta azkar egin nahi dituzun gauzek bere denbora behar dutela. Horretaz ohartzen zara batez ere. Ez da lan erraza. Kontrakoa dionari, hilabete batean probatzeko esango nioke.
Bigarren bilera sorta hasita dago, zer esango zenieke herritarrei hauetan parte hartzeko?
Bigarren fasea aste honetan hasi dugu eta esan garrantzitsua dela bigarren bilera hauetara gerturatzea. Izan ere, hauetan ezarriko dira aurreko bileratako proposamenen arteko lehentasunak eta udala lehentasun hauekin hasiko da lanean.
Herritar guztiei gonbitea luzatzen diet hauetara hurbil daitezen eta iritzia eman dezatela. Orain arte gauzak egiteko moduarekin ados ez bazeuden, orain delako momentua beste modu batean lanean hasteko.
