Birziklapenaren [i]anai handia[/i]

maider-azurmendi 2012ko mar. 23a, 11:40
Olaia eta Aitor hilabete osoan zehar Gipuzkoako hainbat herritan biziko dira, 30 m2-ko apartamentu batean egunean 10 orduz. Dagoeneko euren etxe ibiltaria Donostian eta Pasai Antxon izan da. Sanmarko Mankomunitatea, Ecoembes eta Ecovidrio erakundeek antolatutako ekintza da eta Olaiaren erronka izena eman zaio Aitor behar bezala birziklatzen ikastea duelako gazteak helburu. Asteazkenean iritsi ziren Okendo plazara eta euren etxera gonbidatu gintuzten.
Asteazkenetik Okendo plazan bizi dira Olaia eta Aitor. Ekimen berritzaile hau dagoeneko ezaguna egin da besteak beste, kristalezko etxe honetan gertatzen den guztia ikus dezaketelako herritarrek. Horretaz gain, bi protagonisten elkarrizketak ere kanpotik entzun daitezke une oro eurek azaldu moduan.
“Hasieran beldur pixkat ematen zigun horrelako etxean bizitzea, jendeak egiten duguna ikustea momentu oro lotsatzen gintuen baina orain ohitu egin gara eta gustura ari gara esperientzia hau bizitzen”. Bi gazteek ez zuten elkar ezagutzen eta hasieratik pisu kide onak direla esan digute, “ondo moldatu gara hasieratik, Aitorrek ez zuen ezer birziklatzen eta hasi ginenean eztabaida gehiago izaten genituen baina orain berriz hobeto”. “Olaia oso jatorra da baina birziklatzearen kontuarekin oso astuna jartzen da batzuetan” azpimarratu nahi izan du Aitorrek “gainontzean egia da oso ondo moldatzen garela”.

Herriko plazan bizitzen
Aitorri sukaldean aritzea gustatzen zaio eta etxe ibiltari honetan tarteak hartu ditu besteak beste, magdalenak egiteko.
Errezeta Interneten kontsultatu eta hauek prestatzen aurkitu genituen Olaia eta Aitor gure bisitan. Gazteek etxe honetan gustura sentitzen direla esan ziguten, “ziurrenik faltan botako dugu kanpaina bukatzean”. Bientzat esperientzia berria izan da, “hasieran proiektuaren berri eman zigutenean ezin genuen imajinatu ere egin horrela izango zenik, ez genuen erreferentziarik eta ondorioz, ezin irudikatu nolakoa izango zen gure bizitza hemen”.
Biek ahalik eta bizitza normalena egiten saiatzen direla aitortu ziguten, erosketak egitera ateratzen dira eta bertan gosaldu, bazkaldu egiten dute, baita siesta bota ere. Dagoeneko jendeak kaletik birziklatzearen inguruan dituen zalantzak galdetzen dizkie eta hori pozgarria da, “zalantzak argitu nahi izanak ardura ere azaltzen du, kontzientziatzen ari gara gure zaborraren ardura izan behar dugula geroz eta hondakin gutxiago sortzeko ahaleginean”.

Erronka
Olaiaren erronka izena eman zaio kanpainari Olaiak Aitorri nola birziklatu irakatsi behar diolako. Horrekin batera, birziklatzearen gaineko informazio zabaldu eta ahalik eta hondakin gutxien sortzea zein garrantzitsua den izango da herrian egon bitartean luzatuko duten mezua.
Gainera, gazteek Lasarte-Orian egingo duten egonaldian hainbat bisita jasoko dituzte, “bisita oso interesgarriak izan ditugu orain arte eta pertsonalki oso aberasgarria da Aduriz sukaldaria edota Oscar Terol aktorea ezagutu eta haiekin solasaldia egin ahal izatea” azaldu zigun Aitorrek. DYA-ko lehendakaria den Jose Luis Artola lasarteoriatarrarekin izan ziren solasean baita Arantza Artola DYAko kidearekin ere asteazken arratsaldean besteak beste.
Olaiak eta Aitorrek idatziz kontatzen dituzte bere bizipenak www.olaiarenerronka.net blogean. “Blogean eta sare sozialetan idazteaz ia gehienetan Olaia arduratzen da nik etxeko beste gauza batzuek egiten ditudan bitartean”.
Internautek zuzenean jarraitu ahal diote Olaiaren eta Aitorren bizitzari “kamarak daudela ahaztu egiten zaigu askotan, badakigu hor daudela baina gure egunerokoan sartuta erraz ahazten dituzu gezurra badirudi ere. Jarraitzaile asko ditugu dagoneko”. Hauekin harremanetan jartzeko Facebook-en Olaia Erronka, Twitter-en Olaiaren erronka @retodeolaia, Youtube-ko kanalean elretodeolaia eta Flickr-en egin daiteke. Galderak posta elektronikoz bidal daitezke ere, olaiarenerronka@gmail.com helbidera.

Hondakinak gutxitu
Proiektuaren helburu nagusia birziklatzeko kultura bultzatzea eta hondakinak eta ontziak ondo bereiztea sustatzea da. Izan ere, kanpaina honek, hondakinen gaikako bilketa du ardatz.
Horretarako, edozein etxetan sortzen diren zalantza eta egoerei buruzko aholku praktikoak emango dituzte protagonistek.

Saria
Azkenik, aipatu birziklapen-kultura sustatzeko, Mankomunitateak lehiaketa baten bidez proiektuaren jarraipena egiten duten pertsonak saritu nahi dituela.
“Zuk nola egiten duzu birziklatzeko?” deitu diote lehiaketari eta herritarrek etxean hondakinak nola bereizten dituzten erakusten duen argazki bat bidali behar dute olaiarenerronka@gmail.com helbidera. Argazkia bidaltzen dutenen artean, Facebook-en “Atsegin dut” adierazpen gehien jasotzen dutenek Mugaritzen bi lagunentzako afaria irabaziko dute.