26_20 urte bete ditu Semblante Andaluz-ek

jon-altuna-iza 2012ko martxoaren 26a

Semblante Andaluz herriko andaluziarrak biltzen dituen elkarteak 20 urte betetzen dituela eta, zenbait ekitaldi antolatu dituzte aste honetan. Elkartearen 20 urteetako historia jasotzen duen liburua aurkeztuko dute asteazkenean, elkarteko dantza eta kantu taldeek emanaldi berezia eskainiko dute larunbatean kultur-etxean eta igandean bazkari batekin ospatuko dute urteurrena.

Kaxkarroko behatokian, parapeto gisa ezagutzen den tokian egin zuten bilera batean sortu zen Semblante Andaluz elkartea 1992ko martxoaren 28an.
Kulturak pisu handia izan du hasiera hasieratik andaluziarren elkartean eta kantu, musika eta dantza talde ugari izan dira bere baitan. Ikastaroak antolatu ditu urteetan, haur eta helduentzat, eta beste zenbait jarduera ere bai, besteak beste, hiru dimentsiotako arte lanak, antzerkia, bidaiak, sukaldaritza ikastaroak,... Elkarteko arduradunek adierazi dutenez, "sarri baliabide asko gabe", baina Kultur Elkarteko kideen borondate on eta laguntza handiarekin".
Jose Perez lehen presidenteak proposatu zuen Semblante Andaluz izena. Lagun arteko solsasaldi batean sortu zen ideia: batek aipatu zuen andaluziarrak erraz integratzen direla edonon, ezaugarri, ohitura eta izaera moldatuz, eta soilik hegoaldeko jendearen "semblante" edo begitarte ia beti alai eta baikorra geratzen zaiela.
1992an Blas de Lezo kaleko lokal batean hasi eta 1998an aldatu zen elkartea Atsobakarrera. Golf plazako lokala erosi eta zati handi batean bazkideek beraiek musu truk egindako lanari esker ireki zuten elkarte berria.

Abesbatza
Semblante Andaluz elkarteko helduen lehen kultur taldea, Semblante-Rociero abesbatza, 1993an sortu zuen José Pérez bazkideak. Hainbat tokitan kantatu du, besteak beste Santiagoko Katedralean erromesaren mezan, Loiolako Santutegian edo Donostiako Artzain Onaren katedralean, Huelvako Encinasola herrian, Euskal Herriko feria, erromeria eta mezetan, Kultur-Etxe eta antzokietan, "oro har eskatu zaigun guztietan".
Jose Perez Semblanteko lehen presidentearen iritziz, "gure sustrai eta ohiturak ahaztu ez daitezen lanean segituko dugu umiltasunez, dauzkagun baliabide urriekin, baina taldekideen arteko adiskidetasunak eta hauen borondatezko lan eskuzabalak ematen duen indarrarekin".

Dantza taldeak
Lau dantza talde eta Sentimiento Andaluz boskotea ere badira Semblante Andaluz elkartearen baitan. Hau 2005ean sortu zuten lau bazkidek, Andaluziako Eguna ospatzeko nahikoa talde ez zeudela eta.
Pasodoble, rumba, sevillana eta koplak kantatzen dituzte taldeko Jose Chinchilla eta Antonio Oñate gitarra-joleek, Lonjinos Celeyros biolin-joleak eta Mercedes González eta Juan Millan ahotsek.
40 dantzari ari dira gaur egun Mari Carmen Vegas-en aginduetara, lau dantza taldetan banatuta: helduek osatzen duten Zambra, haurrek Azabache, eta neskatoek dantzatzeko Duende Flamenco eta Gitanillos del Alba, baina elkartearen historian beste batzuek ere izan dira Kultur Arloaren lanari esker. Vegas berak, Olga Bermudez eta Yolanda Varelak sortu zuten lehen taldea 16 gaztetxorekin eta gehiena 80 lagun izatera iritsi zen.
Lehen urteetan bost talde sortu ziren, Embrujo, Aljarafe, Duende Gitano, Aires Flamencos eta Semblante Andaluz, eta 1998ko martxoaren 28an, lokal berriaren estrenaldian, dantza egin zuen lehen aldiz Azabache umeen taldeak. Aipagarria da Semblanteko taldeak kanpora joaten zirenean, Ipar-Hego taldeak euskal dantzak eskaintzen zituela Andaluziakoekin batera.

Antzerkia
Aljarafe antzerki taldea ere jardun zen elkartearen baitan, 2000tik 2007ra bitartean, Nikaraguako nekazal inguruetako komunitateei laguntzeko dirua biltzeko eta laguntza emateko helburuarekin.
Garbi izan zuten hasieratik taldeko hogei kide inguruk, bere andaluziar kutsuarengatik Quintero anaien lanen bat prestatu behar zutela eta "El Genio Alegre" antzezlanarekin egin zuten debuta San Pedro jaietan. Entseguak Elkartean egiten zituzten, adiskidetasun handia sortu zen eta bazkideen laguntza izan zuten, esaterako dekoratuak egiteko Jose Chinchillarena. Arrakasta handia izan zuen lehen lanak eta baita ondorengo "Puebla de Mujeres", "Mariquilla Terremoto", "Los pobrecitos", "Veneno para mi marido", "Cinco lobitos" eta "Doña Clarine" lanek ere.

Elkartearen historia liburuan
20. urteurreneko egitaraua asteazkenean hasiko da elkarteak bazkideen laguntzarekin argitaratu duen liburuaren aurkezpenarekin.
Elkartearen Gastronomia eta Kultur arloak jaso ditu liburuak. Aurkezpena 20:00etan hasiko da eta ondoren bertaratu direnak zerbait jan eta edatera gonbidatuko dituzte.

Ikuskizuna larunbatean
"Sueño andaluz" amets andaluziarra izena hartu duen ikuskizuna eskainiko dute doan datorren larunbatean hilaren 31n arratsaldeko 19:00etatik aurrera kultur-etxean Elkarteko dantza eta musika talde ezberdinek. Ez da ordaindu beharko, Zambra, Azabache, Duende Flamenco eta Gitanillos del Alba dantza taldeak, Merche Montes abeslaria, Semblante Rociero korua eta Sentimiento Andaluz boskotea ikusteko.
Eta egitaraua borobiltzeko, igande eguerdian Semblante Andaluz-en elkartuko dira XX. Urteurrena ospatzeko. Herriko agintari, bazkide eta lagunen bazkaria 14:30etan hasiko da eta 17:30etatik aurrera "Amigos del Sur" taldearen emanaldia eta dantzaldia izango dira.

“Andaluziako sustraiei eustea da gure xedea”

Jose Perez Acosta Huelvakoa da, bere gurasoekin etorri zen Bilbora zortzi urte zituenean eta azken urteotan Lasarte-Orian bizi izan da. Bera izan da Semblante Andaluz kultur elkartearen lehen presidente eta bultzatzaile nagusietarikoak elkartearen sorrera eta gaur arte egindako ibilbidearen berri eman digu. “Andaluziako egunean bazkaltzeko edo andaluziar giroko erromeriatara joateko elkartzen ginen. Hau eta Mari Carmen Vegas sevillana dantza irakaslea izan ziren oinarrian. Hasiera oso apala izan zen, 60 haur hasi ziren dantzan” kontatu digu.

20 urte beteko dituzue, nolakoa izan zen sorrera?
Lokala zen herriko kultur talde guztien arazoa. Guk Blas de Lezo kalean alokatu genuen bat hasteko, eta gero, 1998an, oraindik ordaintzen ari gara, baina berria ireki genuen.

Elkarte gastronomikoen antzeko funtzionamendua du, ezta?
Euskal Herrian Andaluziako Etxe asko dira, ia denak kultur topagune besterik ez, baina guk argi genuen elkarte familiarra, kulturala eta gastronomikoa izan behar zuela.
Zenbat bazkide hasi zineten eta zenbat zarete orain?
Oso gutxi hasi ginen, lehen bileran 27, eta gaur egun gutxi gorabehera 115 familia edo bikote gara.

Kulturak pisu handia izan du elkartean, ezta?
Hasieran gehiena. 124 lagun genbiltzan talde ezberdinen jardueratan, 80 ume dantzan, euskal dantza taldea, mutil eta nesken futbol taldeak, gitarra flamenko ikastaroa,... Gaur egun ere ehun lagun inguru bagabiltza zerbaitetan.
Gurea andaluziar sustraiei eta kulturari eustea da. Eta Andaluzia hurbiltzea, ez bakarrik bazkideei, baizik eta lasarteoriatarrei oro har. Azken finean, ez dugu gure jatorria ahaztu behar, baina, ezta, jada hemengo parte garela ere.

Zenbat andaluzir izango zarete Lasarte-Orian?
Hasi ginenean 420 inguru ginen, han jaiotakoak. Orain badira belaunaldi berriak baina horiek jada nortasun bikoitza dute.

Beste proiekturik ba al du elkarteak?
Ez, gurea andaluziar sustraiei eta kulturari eustea da. Eta Andaluzia hurbiltzea, ez bakarrik bazkideei, baizik eta lasarteoriatarrei oro har. Azken finean, ez dugu gure jatorria ahaztu behar, baina, ezta, jada hemengo parte garela ere.

Zenbat andaluzir izango zarete Lasarte-Orian?
Hasi ginenean 420 inguru ginen. Ez dakit gaur egun zenbat izango garen, baina han jaiotakoak, ondorengoak kontatu gabe, gutxi gorabehera horiek. Esaten dute andaluziarrak hirugarren belaunaldira artekoak direla, baina horiek jada nortasun bikoitza dute.

Hango gastronomiak arrakastarik ba al du?
Andaluziako plater tipikoak egon badaude, baina gu jada hemengo gastronomiatik oso hurbil gaude.

Baina hango produktuak ez dira faltako ospakizunetan?
Ez, noski.