Jesus Zaballos PSE-EEko bozeramaleak ukatu egin du kontzertu edo emanaldietan erabiltzeko Okendo plazan argi-indar koadroa jarri behar dela eta zorua altxatu egin behar denik.
Hain juxtu hori galdetu zuen Zaballosek martxoko Udal Batzarrean eta Hirigintza saileko Nerea Sanchez zinegotziak erantzun zuenez, printzipioz ez da Okendoko zorua altxatu beharrik izango. Momentuz, plaza atzeko aldean dagoen argi-indar koadroa erabiliko da eta plazan berri bat jartzeko aukera aztertzen ari dira, potentzia gehiago eskatzen duen kontzertu bat egiten denerako.
Zaballosek prentsa ohar batean adierazi duenez, galdera egin dute herrian zurrumurrua zabaldu delako, plaza "txapuza" dela eta estreinatu eta egun gutxitara berriro altxatu behar dela esanaz. Zinegotziak salatu du, Herritar Plataformak zabaldu duela zurrumurrua, Udal Gobernuan hasi eta berehala etxez etxe banatu zuen "lanerako ordua da" izenburua zuen "panfletoan".
PSE-EEko ordezkariaren ustez, "honek alderdi politiko honen maila erakusten du, bere kontzientzia garbitzeko gezurrak esan eta sozialisten lanari buruzko salaketa faltsuak egitea izan zen egin zuten bakarra".