Euskararen bide berriak udaletxean

maider-azurmendi 2012ko martxoaren 26a

Udaltop topaketetan alkateak adierazi zuen hizkuntzak desberdin kudeatzen ari direla egun udaletxean, euskara balio sinbolikoa izatetik udaletxe barruko eguneroko zereginak egiteko tresna bihurtzen ari delako. Ostegun eta ostiralean kultur-etxean burutu ziren topaketak "Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza politika? Begiratu, mesedez, euskara-sailetik kanpo" izenburupean. Euskal Herri osotik etorritako ia 200 lagun bildu ziren, udaletako euskara teknikariak, zinegotziak eta alkateak.

Udaltop topaketa hauek Euskal Herri osotik etorritako ia 200 lagun bildu zituzten. Gehienak udaletako euskara teknikariak, zinegotzi eta alkateak. Hitzaldiez gain, hainbat udaletako esperientziak kontatu zituzten teknikari eta kargu politikoek topaketetan eta Lasarte-Oriako alkatea Pablo Barriok ere hitz egiteko aukera izan zuen irekiera ekitaldi ofizialean.
Honetan adierazi zuen Lasarte-Oriako Udalean aldaketa garrantzitsuak egiten ari direla euskara eguneroko zereginetarako lan-tresna izan dadin.
Agintaldi honen hasieran, euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko, orain arte egindako lanari jarraipena ematea zuten helburu udal agintari berriek, alkateak azaldu moduan “ez genekien zer aurkituko genuen baina uste dut ordurako zenbait bide behintzat irekita zeudela euskararen esparruan”. Hala ere, lehen astean bertan hiru alderdi politiko desberdinetakoak diren batzordeburuak elkartu eta “praktikoagoa” eta “koherenteagoa” izango zen hizkuntza-politika berri bat egitea erabaki zuten.
Horretarako, “bidaia” bat egitea planteatu zuten, horregatik ekimenaren Travel Kluba ezizena, eta bidaia horren orientazio berria bi ideiatan oinarritu zuten. Batetik, orain arte euskararen erabilera sustatzeko gizartean egindako lana ontzat jotzen bazuten ere, lehendabizi, koherentziaz, udaletxe barrutik hasi behar zuela lan horrek erabaki zuten. Bigarrenik, lana benetan emankorra izan dadin, euskara, soilik euskara zerbitzuaren kontua izatetik, udaletxeko erdigunera eraman behar zutela adostu zuten.

Eredu izan
Agintaldi honetan, arduradun politikoen gaitasun linguistikoa erabat aldatu dela esan daiteke, ia batzordeburu guztiak elebakarrak izatetik, denak elebidunak izatera pasatu da. Gaitasunaz gain, euskararekiko jokaerak desberdinak direla diote guztiek.
Gehienok elebidunak izatera iritsi heinean, “gaitasunean baino jokaeretan dago euskara zeregin gehiagotarako erabiltzeko gakoa” eta horregatik batzordeburuek adostu dute beraien praktika linguistikoak eredugarria izatea gainontzeko zinegotzi, langile eta herritarrentzat.

Departamentu guztietan
Bakoitzaren abiapuntua, egoera, erritmoa oso kontuan izanik, baina euskara sustatzeko hizkuntza-politika erdigunera eraman dutela diote Travel Klubeko kideek. Hau da, alkatetzara eta erabaki-guneetan dago orain euskara. Hala ere departamentu guztietan lan-hizkuntza modura gehiago erabil dadin eta departamentu guztiek eskaintzen dituzten zerbitzuez baliatzeko tresna izatea nahi da.
Bide hori egiteko, arduradun politikoen jarreraz gain, langile guztiekin egin beharreko prozesua dela dio Barriok eta horretarako, departamentuka ari direla lanean. Urritik abendura hogeitik gora bilera egin zituzten batzordeburuek eta alkateak, bide berri hau aurkezteko, zerbitzuetako arduradunei lehendabizi eta langile guztiei ondoren.
Apirilera bitartean iraungo duen bost bilerako dinamika bat gauzatzen ari dira departamentu bakoitzean langileek prozesuan parte har dezaten. Prozesua ez da amaitu, baina udaletxeko ia langile guztiak ari dira parte hartzen eta 300 proposamenetik gora jaso dira dagoneko.
“Langile guztiek ondo hartu dute ekimena. Gehiengo bat euskalduna da, badago euskara ulertzen duen beste talde bat, hitz egiteko pausoa ematea falta dutenek, eta gutxi batzuk badira ere soilik gaztelera dakitenak. Hala ere, euren jarrera ona da eta errespetuz jokatzen ari garela ikusi dute, ez dugu ezer inposatuko, gainera hala eginda kontrako efektua sortuko litzatekeela uste dut” azpimarratzen du alkateak.

Bidegorria
Prozesuaren azken helburua eta jasotzen ari diren proposamenen zentzua, eguneroko praktikan euskarari bidegorria irekitzea dela diote. Hau da, euskara erabili nahi dute udaletxeko eginkizunetan, eta gaztelania ere erabiliko dute, baina komunikazio-egoerak horren beharra duenean soilik. “Azken helburua dena euskaraz egitea litzateke. Komunikazioa ziurtatzeko gaztelaniaren beharra ez dagoenean ahoz nahiz idatziz behintzat”. Horri deitzen diote bidegorria.
Euskararen bidegorri hori, ordea, oraindik ere estua dela aitortzen dute. “Lan asko dago egiteko baina barrutik gogoz ari gara hau burutzen”. Horrela alkatea zein batzordeburuek herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte udalera euskaraz zuzen daitezen, ahoz zein idatziz, informazioa eskatu nahi dutenean, kexa bat azaltzerako garaian edo zerbitzu bat erabiltzerakoan.
Herritarrak animatu nahi dituzte udalarekin harremanetan jartzerakoan askotan administrazioarekiko dugun irudi erdaldun horrek jartzen dizkigun mugak gainditzera eta lehen hitza eta bigarrena euskaraz egitera. “Hori baita, bidegorria denon artean zabaltzeko biderik eragingarriena”.

Udaltop arrakastatsua
Alkateak ere Udaltop topaketen inguruko balorazio orokorra egin nahi izan zuen izan ere jende asko etorri da gurera topaketen egunetan eta hori “Lasarte-Oriarentzat ona da”.
Gaia nahikoa teknikoa izan arren, parte hartzaile kopurua handia izan da eta bilgune garrantzitsu bat dela esan daiteke alkatearen ustez egun laugarren edizioa gaindituta, “erreferentziazko topaketak dira dagoeneko”.