Neguko denboraldia bukatzear da, baina Buruntzaldea IKT-ko lagunak gogor jarraitzen dute lehian. Lehengo astean ere, Euskal Herriko txapelketan eta Zarautzko II. master txapelketan izan ziren.
Euskal Herriko Neguko txapelketan Buruntzaldea IKT-ko lau kide izan ziren Itsaso Tolosa, Iñigo Ibarburu, Haitz Mitxelena eta Mikel Esnal eta bi Euskadiko txapeldun, txapeldun orde bat eta 3 brontzezko domina lortu zituzten.
Itsaso Tolosa hurrengo asteburuan izango duen Espainiako Open txapelketa prestatzen ari da eta lau probatan parte hartu zuen.
200 m. bizkar proban bere marka berdindu eta bi domina eta Euskal Herriko titulua lortu zituen, absolutu mailako brontzea eta junior mailako urrezkoa.
100 m. bizkar proban bere marka hobetu eta zilarra eskuratu zuen eta 50 m. bizkar proban ere bere marka hobetu zuen.
Era berean, Haitz Mitxelenak bere proba guztietan marka pertsonalak jaistea lortu zuen.
Eta honetaz gain, 200 m. tximeletan bi domina eskuratu zituen, brontzea absolutu mailan eta urrea promesa mailan.
Mikel Esnalek ere markak hobetu zituen eta hirugarren izan zen 100 m. estiloak proban. Gainera, 100 m. libre proban Unibertsitate arteko Espainiako txapelketarako gutxieneko markatik 18 ehunenekoetara geratu zen.
Bestalde, Iñigo Ibarburu infantilak 200 m. estiloetan, 200 m. bizkar eta 100 m. tximeletan bere marka hobetu zuen eta 100 m. bizkar proban, Espainiako txapelketarako gutxieneko marka berria lortu zuen.
Masterrak
Zarautzko Master mailako II sarian ere emaitza onak lortu zituzten igerilariek. Sailkapen orokorrean Oier Mitxelenak urrea, Laura Igeak, Amagoia Fernandez de Lezeak, Juan Vicente Martinek eta Ander Lazkanok zilarra eta Gorka Fernandezek brontzea lortu zuten.
Borja Apeztegiak entrenatzailek azaldu zigunez, “taldea urriaren erdialdean sortu berria izanik, benetan txukun aritu zen”.
Emakumeetan, Amagoia Fernandez de Lezeak PF mailan 100 m. bular proban irabazle izan zen eta bigarren 100 m. estiloetan.
Yoli Pastor 50 m. bizkar proban F2 mailako bigarrenpostua, 100 m. libreetan hirugarrena eta 100. m. estiloetan bigarren izan zen.
Laura Igeak, F4 mailan, 50 m. tximeleta proban lehen postua eskuratu zuen eta 100 m. estiloetan bigarrena. Eta maila berean, Noemi Montero 100 m. libre proban hirugarren izan zen.
Gizonezkoetan, aldiz, Oier Mitxelena PM mailako 50 m., 100 m. eta 200 m. libre probatan lehenengo izan zen.
M5 mailan, Juan Vicente Martin 50 m. libre proban lehengo eta 100 m. eta 200 m. libre probatan bigarren izan zen. Maila berean, 50 m. libreetan Jose Luis Sevillano hirugarren izan zen.
M3 mailan, 200 m. libreetan Javier Miguel bigarren.
M1 kategorian, Ander Lazkano, Gorka Fernandez eta Imanol Guerra lehenengo, bigarren eta hirugarren izan ziren 200 m. libre proban eta 50 m. eta 100 m. libreetan Ander Lazkano bigarren izan zen eta Gorka Fernandez hirugarren.
Honetaz gain, erreleboak ere izan ziren. 4x50 m. estiloetako errelebo mistoa 6. sailkatu zen eta 4x50 m. libre erreleboan hiru talde osatu ziren. Emakumezkoen taldea bigarren postuan amaitu zuen eta gizonezkoenak batek laugarren, besteak seigarren.
