Intzako seniorrak Udaberri txapelketatik kanpo

Txintxarri 2012ko martxoaren 26a

Norgehiagoka estua jokatu zuten I. senior mailako Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola Intzako pilotariek Eskoriatzako bikotearen aurka. Tamalez, larunbat arratsaldean jokatutako partiduan etsi behar egin izan zuten Michelinen (22-17).
Hala ere, esku-eskura izan zuten finalerako txartela, joaneko partidua 22-19 irabazi baitzuten Eskoriatzan eta beraz, hiru tantoren aldeagatik geratu da kanpoan herriko bikotea.

Partidu bizia
Michelingoa partidu polita izan zen larunbatekoa, emozioz betea. Pilotariek tanto luze eta gogorrak jokatu zituzten eta aurrelariak sarritan sartzen ziren jokoan euren gantxo eta dejadekin ikuskizun dotorea emateko.

Partidu hasiera giltzarri
Kosta egin zitzaion pixka-bat herriko bikoteari partiduan sartzea. Horren erakusgarri 8-3ko desabantailarekin hasi zutela partidua. Jose Felix Solano prestatzailearen hitzetan, “pazientzia” gutxirekin aritu ziren norgehiagokaren hasiera horretan.

Intzakoen erreakzioa
Partidua eskoriatzarren alde 14-7 zela, lasarteoriatarrek zazpi tanto egin zituzten erreskadan, Artetxe aurrelariaren kalitatea eta kanpotarren behartu gabeko hutsak baliatuz. Ondorioz, hamalauna jarri ziren markagailuan, tanto bat gainetik ere egon ziren, baina partiduaren azken zatian, eskoriatzarrak izan ziren nagusi eta adio esan diote Udaberri txapelketari.