Bilduk Bateragune auzia salatu du

jon-altuna-iza 2012ko martxoaren 28a

Gaur Auzitegi Gorenak Bateragune auziaren helegitea Madrilen aztertzen duela eta Bilduk deituta zenbait herritar Udaletxe aurrean bildu dira “Rafa Diez Askatu. Politikagintza ez da delitua” leloarekin. Pablo Barrio Alkateak eta zenbait zinegotzik parte hartu dute kontzentrazioan hainbat herritarrekin batera. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto hamar eta zortzi urtetako kartzela zigorrera kondenatu zituen Entzutegi Nazionalak ETAkoak izatearen akusaziopean.

Rafa Diez askatzeko eskatu dute Udaletxe aurrean bildu direnek.
Pablo Barriok gaur eguerdiko elkarretaratzean adierazi duenez “Oinarrizko kontua da, ez du hanka ez bururik egoerari irtenbide politikoa ematearen alde egiten dutenak kartzelaratzeak. Hain juxtu, politika egiteko eskatzen zen eta bide horretan pausuak ematen direnean, horren kontra jotzeak ez du zentzurik”. Tartean Rafa Diez herritarra kartzelan izanik bildutakoek babesa eskaini diote. Pablo Barriok esan duenez, “garbi dago arazo orokorra dela, baina tartean Rafa Diez egonda babesa eman nahi diogu”.
Bilduk kaleratu duen ohar batean argi esan duenez, “ez Euskal Herritarren gehiengoak, ez eta nazioarteko iritzi publikoak ere, ez du ulertzen eta onartzen, Bateragune auzian kondenatutako bost Euskal Herritar hauek kartzelan izaterik. Ez du onartzen, sortu den egoera berri honen aurrean, espainiar estatuak urrats positiborik eman gabe gelditzerik”.
Bilduren ustez, Euskal Herrian aldaketa politiko sakonak bizi izan ditugu azken hilabeteetan eta hain juxtu “garai berri hauek abia arazten, zuzeneko inplikazioa izan zuten gaur egunean kartzelan dauden bost kide hauek. Herri hau, demokrazia eta bakea garatuz eta herritarren borondatea oinarritzat hartuz, eraiki behar dela aldarrikatzea da beraien jardueraren xedea. Lan politikoa egiteagatik izan ziren atxilotuak, ziklo aldaketa ekarri duen lan politikoari ekiteagatik hain zuzen ere” eta libre egon behar direla uste du Bilduk. “Hamarkadak iraun dituen ziklo armatua atzean utzi eta bide politiko eta demokratikoetan sakonduz etorkizun aske bat eraikitzea da herri honek desio eta erabaki duena. Atzeraezina den bide hori abian da”.