Josu Olmos 16 urteko judoka denboraldi paregabea egiten ari da eta aste honetan erronka berria du, Espainiako txapelketarako txartela lortzea. Harekin bildu gara gehiago jakiteko.
Noiz hasi zinen judoan?
Ba uste dut zazpi urterekin hasi nintzela judoan. Garai hartan ez nuen kirolik egiten eta gurasoek esan zidaten zerbait egiteko.
Nik berez ez nuen judoa egin nahi, baina etorri nintzen egun batean eta gustatu zitzaidan. Lagun batzuk ere etortzen ziren orduan.
Jarraitu eta azkenean lagunak joan dira, nik jarraitzen dut. Orain gustatzen zait eta lasai etortzen naiz, presiorik gabe.
Zein mailan zaude egun?
Junior lehenengo mailan nago orain. Lehenengo urtea dut maila honetan. Kategoria hau nola doan ikusteko balio dit eta hurrengo urtetan, ea maila hobetzen dudan.
Zein pisutan zaude?
55 kilo azpikotik ditut. Kostatzen zait pisu horretan mantentzea, baina azkenean... Gauza batzuk jateari utzi behar diozu eta kirol pixka bat egiten ere, baina azkenean lortzen dut.
Txapelketetan hobeto da 60 kilo baino 55 izatea. Tamainaz txikiagoak dira eta nire adinekoak. Handiagoak ez dira izaten pisu horietakoak.
Lehenengo urtea duzu maila honetan desberdintasun handia nabaritu al duzu?
Bai, iaz kadetea nintzen eta junior mailan lehiatu nintzen. Orduan, ikusi nuen gorpuzkeragatik besteek indar gehiago zutela. Zailagoa da horregatik, baina gimnasioan ere lan egiten dut indarra lortzeko.
Baina, batez ere, adinean dago desberdintasuna. Besteak zaharragoak dira eta indar gehiago dute. Teknika aldetik ere hobeagoak dira. Izan ere, hiru adin desberdinetakoak gaude maila honetan.
Hala ere, aurten domina pila lortu dituzu...
Bai, kuriosoa da gainera, aurten aurkeztu naizen txapelketa guztietan bigarren postua lortu dut.
Sei txapelketetan izan naiz, Euskadi eta Gipuzkoa mailan.
Eta oso pozik nago. Lehengo urtea izanik zailagoa da, baina kontent nago.
Lehengo asteburuan, 23 urteko azpiko Euskadiko txapelketan izan zinen.
Ez zegoen jende asko lehian. Azkenean bigarren izan nintzen. Finala galdu nuen eta ez nintzen sentsazio onarekin geratu.
Asteburu honetan berriro daukat lehiaketa eta lehenengo edo bigarren geratzea espero dut, Espainiako txapelketarako sailkatzeko.
Beraz, junior mailako Espainiako txapelketarako txartela lortuko duzula uste duzu.
Hiru judoka gaude maila ona daukaguna eta berez, uste dut beste bik nik baina hobeagoa dutela.
Txapelketan lan ona egitea espero dut eta zorte pixka batekin sailkapena lortzea. Hau da, bietako bati irabaztea eta bigarren edo lehen postua lortzea.
Sailkapenarekin Espainiako txapelketara joango nintzateke. Iaz ere sailkatu nintzen eta aurten ere joatea espero dut.
Espainia mailan ere lehiatzen zara?
Beno, iaz lehenengo aldiz sailkatu nintzen Estatuko txapelketarako. Ez nuen emaitzarik lortu, baina esperientzi a lortu nuen eta hurrengo urteetarako badakit nola funtzionatzen duen.
Atzerrian ere lehiatu al zara?
Frantzian noiz edo noiz lehiatu gara.
Aurten ez, baina iaz Pauen bosgarren postua lortu nuen eta maila handia zegoen bertan. Lehiakide asko zegoen, 30 edo 40 nire pisuan eta hori ez da normala izaten. Hemengo lehiaketetan ez gara hainbeste egoten.
Baina ongi egin nuen eta azkenean bosgarren postuarekin kontent atera nintzen.
LOKEko kideetako batek, Estebanek Amaguadalupeko taldearekin Espainiako ligan parte hartzen du, zuk ere zure burua bertan ikuste duzu?
Talde horretan nire pisuan ni baino hobea den pertsona dago, asteburu honetan aurrez aurre izango dudana. Beraz, aurten ez dut uste baino agian hurrengo urtean posible izango litzateke.
Esperientzia polita da. Taldeka lehiatzea ez da ohikoa. Taldekoan bost pisu dira eta pisu desberdinetako hiru borroka irabazi behar dira gutxienez. Polita da, animuak ematen dizkiote elkarri... eta espero dut noiz edo noiz joatea.
Sanbon ere lehiatu zara ezta?
Azkenean judoan ez dago hainbeste lehiaketa eta antzekoak diren kirolak ere egiten ditugu, sanbo eta borroka esate baterako.
Nik aurten ez dut borroka egin, baina sanbon Espainiako txapelketan izan nintzen eta bigarren izan nintzen. Finala galdu nuen, baina bigarren postuarekin kontent geratu nintzen.
Hurrengo urterako Foru Aldundiak etorkizuneko kirolari laguntza ematea espero dut. Iaz sanboko estatuko txapeldun izan nintzen eta diru laguntza eman zidaten. Hurrengo urterako berritzea espero dut.
Horrek zer suposatzen du zuentzat?
Honek diru laguntza txiki bat ematen dizu, judoan jarraitu eta materiala,kimonoak esatea baterako erosteko, etab.
Zein dira hurrengo txapelketak?
Sailkatzen banaiz, Espainiako txapelketa aste santu amaieran.
Bestela, agian, beste txapelketa bat egon daiteke. Izan ere, aurten 23 urte azpiko Espainiako txapelketa ez da egingo eta bere ordez, Galizian lehiaketa bat egingo dute sailkapen moduko bat egiteko. Eta agian hara joango gara, ez dago ziur.
Baina bestela denboraldia amaitutzat eman dezakegu eta hurrengo denboraldia prestatzen hasiko gara. Udan atsedenaldia eta irailean berriro lanera.
Gerriko beltza azaroan lortu zenuen...
Bai, ikasturte honetan lortu dut. Lesionatu eta ezin izan nintzen ongi prestatu. Bi aste lehenago hasi ginen lanean, lagun bat eta ni. Biek azterketa egin eta ongi atera zitzaigun. Gerrikoa lortu genuen.
Lan asko egin behar da horretarako...
Bi aste klasetara etorri ginen, baina lehenago ere kurtso batzuk egin genituen, ikasteko eta azterketa nolakoa den ikusteko. Bost ordutakoak ziren kurtsoak.
Eta bigarren dan-a noizko?
Bi urte pasa behar dira. Gerriko beltza lortzea kosta zitzaigun eta orain atsedena dugu. Urte bat barru edo, hasiko gara azterketa prestatzen