Emaitza paregabeak lortu zituzten Landaberri eta LOKEko gaztetxoek igandean, martxoaren 25ean, Antonio Elortza belodromoan Kutxak antolatzen zuen Atletiadan.
Kadete, infantil eta alebin mailako gaztetxoak izan ziren bertan eta hainbat izan ziren Amaia de Andres eta Oscar Goikoetxeak entrenatzen dituzten gazteek lortutako dominak, bai bakarka, baita taldeka ere.
Kadeteak
Lasarte-Oriako taldeek kadete mailan izan zituzten emaitzarik onenak.
Landaberriko erreleboa izan zen azkarrena.
Luzera jauzian, Maria Eugik lehenengo postua lortu zuen, 4,60 metroko jauziarekin.
Maider Rekondok pisu proban parte hartu eta 9,14ko jaurtiketarekin 2. postuan amaitu zuen.
Ane Galardik eta Aroa Lopezek 60 m. proban izan ziren, Galardi 2. postuan iritsi zen helmugara eta Lopez, berriz, laugarren.
Bestalde, mutiletan Aritz Rodriguezek luzera jauzian 2. postuan amaitu zuen, 5,60 m. egin eta gero.
Infantilak
Infantil mailan ere, Landaberriko erreleboak lehenengo postuan amaitu zuen lehia; Lasarte-Oriak, aldiz, hemeretzigarren.
Pisuko proban ere, Oiana Igarriz lasarteoriatarra izan zen irabazle, 9,25 metroko jaurtiketa egin eta gero.
Bestalde, Idoia Olasagastik 4,60 metroko jauzia egin eta luzerako proban lehenengo postua egin zuen. Proba berdinean, Eneritz Bustok bosgarren amaitu zuen.
Asier Olmosek, berriz, 6. postua eskuratu zuen 100 m. lasterketan.
Alebinak
Alebin mailan herriko taldeek parte hartzaile ugari izan zituzten eta hauek ere fin ibili ziren.
Landaberrik 2. postua lortu zuen erreleboan eta Lasarte-Oriako bi talde aurkeztu zituen, bata hamaikagarren eta bestea 16. izanda.
Pisuan, Naroa Sanzek 9,10 m. jaurti eta lehenengo postua eskuratu zuen. Nerea Martin, Ainara Bardaji eta Ane Diez zazpigarren zortzigarren eta bederatzigarren izan ziren.
Luzera jauzian, Leire Martinek bederatzigarren postua egin zuen.