Herriko areto-futboleko txapelketak bi asteko atsedenaldia izango du. Asteburuan bukatu zen lehiaketako lehenengo fasea eta orain bi txapelketa desberdin izango dira jokoan, txapeldunen fasea eta kontsolazioa.
Lehenengo fase honetan txapelketan hasi ziren taldeek 17 jardunaldi jokatu dituzte eta norgehiagoka handia izan da.
Antolatzaileek aipatu digutenez, “futbol aldetik ez da arazorik izan, baina pistarekin izan ditugu arazoak. Partida asko pilotalekuan jokatu behar izan ditugu.”
Txindoki, ISU Leihoak, Buenetxea, Izarra Bitxitegia, Izkiña taberna, Ayete, El Punto taberna eta Balerdi Harategiak dira hurrengo faserako txartela lortu duten taldeak.
Finalerako bidea
Sailkatutako zortzi taldeek final laurdenak eta finalaurreak bi partidetara jokatuko dituzte.
Antolatzaileek jakin arazi digutenez, final laurdenak apirilaren 15ean eta 22an izango dira eta finalerdiak maiatzaren 06 eta 13an. Final handia, berriz, maiatzaren 19an.
Finalerako bidea zaila izango da. Aurreko urteetako finalean izan diren taldeak ISU Leihoak eta Izkiña sailkatu baitira. Baina lehenengo fasean, partida bakarra galdu duen Txindokik zer esana izan dezake.
Kontsolazioa
Bestalde, gainontzeko taldeek aste honetan hasten den kontsolazioa jokatuko dute.
Antolatzaileek azaldu digutenez, “bi talde egingo dira eta liga jokatuko dute. Taldeetako bi hoberenek final erdikoak jokatuko dituzte eta irabazleek finala”.
