Sukaldeko lanak

Gorka Lasa 2012ko martxoaren 30a

Ni sukaldaria naiz. Baina gaurkoan, nire lehen zutabean, ez nator sukaldaritzaz idaztera. Ez dizuet postre goxo baten errezeta emango, ezta sukalderik zikindu gabe jatordu bat prestatzeko trukorik ere.
Azken urte hauetan, gure sukaldaritza asko goraipatu dute munduan zehar. Munduko gastronomia gidarik ezagunenetan lehen postuetan ageri dira euskal sukaldariak. Hara eta hona dabiltza zuriz jantzita, aitasantuaren gisan, instituzioetako inaugurazio ekitaldietan parte hartuz, edo moda, zinema, musika, kirol edo kulturari loturiko edonolako ekitalditan, gure ordezkari eta enbaxadore bihurtuta.
Argi dago euskal sukaldaritza errentagarria da. Gure ekonomiaren zutabetako bat turismoa izanik, berau erakarri eta sarean harrapatzeko, amu ederra da ondoen egiten dakigun hori mimoz eta gustoz saltzea.
Baina bada beste kontu bat. Azkenaldi honetan ahoz aho entzuten dut "sukaldeko lanak" ondo egin behar diren kontua. Agian nire susmoa da, baina lehen baino gehiagotan entzuten dudan esamoldea da. Eta honek zalantza sortu dit: gure sukaldariak hain onak badira, gure gastronomia hain preziatu eta eraginkor bilakatu badute, sukaldeko lana ondo egiten dakitekako al da? Hara hor gakoa!
Agian denok egin beharko genituzke sukaldaritza ikastaroak. Denok jantzi beharko genuke mantala, eta denboralditxo bat pasa Arzak, Berasategi edo Arbelaitzen ondoan, sukaldeko lan ona nola egiten den ikasteko. Zeren, agian, gauzak hobeto joango lirateke hain ondo jaten dela harro zabaltzen dugun herri honetan sukaldeko lanak hobeto egingo bagenitu.