Jalgi Hadi Garaipenera!, bideak irekiz

jon-altuna-egitegi 2012ko martxoaren 31

Herriko gazte mugimendua lan asko egiten ari da azken hilabeteotan, Jalgi Hadi Garaipenera! ekimenaren baitan. Nafarroako konkistaren 500. urteurrena gogoratu eta Euskal Herriaren sustraiak zeintzuk diren ezagutzeko konpromisoa hartu baitute, etorkizuna nazio ikuspegi batetik eraiki ahal izateko asmoz. Hurrengo zita apirilaren 6 eta 7an izango dute, Saratik Lesakarainoko bidea egingo baitu aurtengo 2012ko Gazte Martxak. Apirilaren 8an berriz, Aberri Egunaren harira, Iruñeara joango dira Independentistak sarearen deialdiarekin bat eginez.

Tontorreko irudian, irribarretsu ageri dira gailurra egin zuten gazteak Nafarroako armarria eskutan dutela.
Buru-belarri ari dira Lasarte-Oriako gazteak Nafarroako konkistaren 500. mendeurrena ezagutarazteko sortu den Jalgi Hadi Garaipenera! dinamikan parte hartzen.
Ekimen horren barnean kokatzen dira asteburuan izandako mendi-martxa, hitzaldi eta bertso-bazkaria.
Horretaz gain, martxoaren 29ko greban aktiboki parte hartu zuten, eta aurrera begira, apirilaren 6 eta 7an izango den Gazte Martxa dute begiz jota. Bertatik, Iruñean ospatuko den Aberri Egunera joateko asmoa dute.
Nestor Lertxundi adituak Orreagako batailatik hasita, Nafarroa konkistua izan arteko bilakaera historikoa azaldu zuen.

Asteazkenean, bideoak

Hiru dokumental ikusi zituzten asteazkenean Xirimirin bildutako 25 bat gaztek. Lehenak, Gipuzkoaren sorrera prozesua azaltzen zuen; bigarrena, Nafarroako konkistaren ingurukoa izan zen; eta azkena berriz, Baskoiek inbadituak izan ez zitezen jarritako erresistentziaren gainekoa.
Ostegunean grebara

Martxoaren 29ko greba egunean gazteek ere ez zuten lanik egin, areago, aktiboki parte-hartu zuten lanuztearen deialdia gazteriaren artean zabalduz.
Gainera, burujabetza lortze bidean, grebak izan zuen garrantzia azpimarratu zuten gazte mugimenduko kideek: “Badakigu grebak ez duela ezer konponduko, baina gerora begira oinarri sendoak jar ditzake, Estatu Espainiarraren sareetatik askatuta, etorkizun oparoa eraikitzeko”.
Asteburuko ekintzak

Goizean goizetik hasita, larunbatean hainbat ekimen burutu zituzten Jalgi Hadi Garaipenera! dinamikaren baitan.
Hamabost bat gaztek osatutako mendi espedizioak Buruntzara egin zuen irteera eta goian talde argazkia atera zuten.
Eguerdi partean, Nestor Lertxundi hernaniarrak Nafarroaren konkistaren inguruko hitzaldi parte-hartzaile bat eskaini zuen, 778. urteko Orreagako Gudatik hasita, 1524an Hondarribia -azken gotorleku nafarra- erori zen arte gertatua urratsez urrats azalduz.
Hitzaldiak iraun bitartean hainbat galdera egin zizkioten eta hauek erantzuteaz gain, ikur eta sinbologia nafarren inguruko xehetasunak eman eta hausnarketarako bidea ireki zien entzuleei.
Eguna amaitzeko, Xirimiri elkartean bazkaria egin eta bazkalostean Beñat Iguaran amasarra eta Mikel Artola alegiarra aritu ziren kantuan, elkarri eta entzuleei zirika, gai-jartzaile lanetan Ane Labaka bertsolaria zutela. Ostean, herriko tabernetan zehar ibili ziren trikipoteo alai bat eginez.
Gazte Martxa 2012

Apirilaren 6an Saran abiatu eta 7an Lesakan bukatuko den Gazte Martxan parte hartzera deitu du Lasarte-Oriako Jalgi Hadi Garaipenera! gazte ekimenak.
Antolakuntzatik azaldu dutenez, eskualdeko autobusa antolatuko da inguruko 50 bat gazte joango baitira Gazte Martxara, oraindik autobusa zein herritan izango den zehaztu gabe badago ere.
Joateko asmoz dabilena garaiz dabil oraindik, Saran bertan, martxaren hasieran eros baitezake bi egunetako bonoa 30 eurotan.
Apirilaren 8rako berriz, Iruñean Independentistak sareak deituriko Aberri Egunera joateko deia zabaldu dute.