Ospakizunetan murgildurik ibili da aste honetan herriko Semblante Andaluz elkartea. Asteazkenean “20 años entre folklore y fogones” liburua aurkeztu ostean, larunbat arratsaldean “Sueño Andaluz” ikuskizuna eskaini zuten Manuel Lekuona kultur-etxean. Bertaratu ziren herritarrek gozatu ederra hartu zuten Andaluzia aldeko kantu, dantza eta abestiak ikusi eta entzunez. Bestalde, igandean XX. urteurreneko bazkari berezia antolatu zuten elkarteak Atsobakarren duen egoitzan. Bapo jan ondoren, “Amigos del Sur” taldearen emanaldia izan zen entzungai elkartean. Bertan, dantzatzera ere animatu ziren hainbat lagun, eta ez zen sevillanarik falta izan hain egun berezian.
