02_Gazte klubeko gaztetxoak Arritxulon

Txintxarri Aldizkaria 2012ko apirilaren 2a

Atzo goizean jubilatuen egoitzatik abiatu ziren Gazte Klubeko gaztetxoak Aiako Harrietan kokatuta dagoen Arritxulo aterpetxera. Aste Santuko oporraldia behar bezala hasi dute horrela izan ere, asteazkenean bueltatuko dira hiru eguneko egonaldiaren ostean.

Beste urte batez Gazte Kluba osatzen duten haurrek behar bezala hasi dituzte Aste Santuko oporrak. Atzo goizean jubilatuen egoitza parean jaso zituen autobusak eta hiru begiraleren laguntzarekin, Oiartzunen, Aiako Harrietako parke naturalaren baitan kokatuta dagoen Arritxulo aterpetxera abiatu ziren gazteak.

Ondo pasatzeko irrikatan bakoitza bere motxila hartuta igo zen banan-banan autobusera. Honetan ez zen pena aurpegirik ikusi ez txiki ezta helduen artean ere. Irteera honen helburuak: haurrak inguru urbanotik atera eta ingurune natural batean murgiltzeko aukera izatea, urtean zehar egindako harremanak sendotzea, ardurak hartzen ikastea, autonomia pertsonala ahalbidetzeko esparru bat eskaintzea, elkarbizitza eta elkarlana bultzatzea eta azkenik, ingurugiroarekiko errespetua umeen artean sustatu eta honen inguruan kontzientzia hartzea.