Herrira turismoa erakartzeko lanean

Txintxarri 2012ko apirilaren 2a

Donostialdeako turismoa sustatzeko lanean ari dira hainbat eragilek. Hau dela eta bilerak antolatu dira eta hauen artean bigarrena aurreko astean burutu zen Urnietako Lekaio kultur-etxean.
Bertan bildu ziren Miren Etxebeste, Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzako Teknikaria, Xabier Eleizegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Teknikaria eta Ainhoa Amundarain BEHEMENDI-Donostialdea Turismoguneko teknikaria beste hainbat eskualdeko eragile publiko eta pribatuekin. Guztira Astigarraga, Hernani, Andoain, Usurbil, Lasarte-Oria eta Urnietako ordezkariak izan ziren bildutako 17 lagunen artean.
Bilera honetan landu ziren Donostialdeako turismoa sustatzeko planaren oinarri eta ildo estrategikoak, jardunbide egokien programaren hasiera, Anfitrioiak Programa, 2012ko lehiakortasun turistikorako diru laguntzak eta beste hainbat. Aipatutako ideien artean, Donostialdea eskualdea SEVATUR turismo azokan parte hartzeaz hitz egin zen baita ekainean izango den I. Astigarragako Ilarraren egunean egotearena.