Duela hilabete batzuek, Tahiti, Ekuador, Lituania, Amsterdam eta Rotterdam-en egon da Xuban Intxausti lasarteoriatarra ETBko Chiloe saiorako irudiak grabatzen. Gero hemen prestatu ditu gidoia eta saioaren postprodukzioa. Une honetan Bilbon bizi da, "etxetik hurbilago".
ETB-3ko Chiloe aurkezten duzu, jakingo duzu askorengan inbidia eragingo duzula?
Egia da, hitz egiten hasi, eta jende askoren ametsa dela zuk egiten duzun lana, askok nahiko luke horrelako lan bat. Ametsa da, baina formazio bat ere eskatzen du lan honek. Badirudi telebistako aurkezle edozeinek egin dezakeen lan bat dela; ikasten baldin baduzu, bai, noski. Ni behintzat, zortzi urtean aritu naiz telebistan. Gainera naturala izan behar duzu, pertsona irekia, eta batez ere emozioa transmititu behar duzu herri bat bisitatzerakoan...
Zuri erraza egin zaizu beraz...
Bai erraza egin zait, baina lan bat da. Gauza bitxi edo arraroa gertatzen zait, natural izatea edo naturaltasuna da nire lana, eta niri ez zait batere kostatzen. Eta bidaia batean ondo pasatzea ez litzateke pagatu behar ere. Suertea daukat, aurkezlearen lana horrelakoa da emozioa transmititzea.
Normala da jendeak bidaiatu nahi izatea, bere lekuetatik ateratzea. Hala ere bidaiatu daiteke herrian bertan, inguruan... ez duzu oso urrun joan beharrik, bidaiatzen duzunean kuriositatea baldin badaukazu, herrialde askotara joan zaitezke. Bidaiatzea, oro har, gain baloratua ere badago.
Zein lekutan egon zarete?
Tahitin, Ekuadorren, Herbeheretan Rotterdam eta Amsterdam hirietan eta Lituanian,
Zeinek eragin dizu zirrararik handiena?
Esperientzia politena Tahitikoa izan da, batez ere gizarte hura gurearengandik urrutien dagoena delako, inpaktantea, kakotxen arteko “paradisu” horretan bizitzea bera, zazpi egunetan bakarrik baldin bada ere. Estropada lasterketa bat grabatu genuen eta oso polita izan zen ia hiru egunetan barku batean egon ginelako irlatik irlara; Klima, hango urak, dena,... oso bitxia delako, eta sekulako hotel ederrean egon ginelako ere bai.
Ekuadorren ez ginen kostan ibili baina oso esperientzia polita izan zen noski, ezusteko handia. Quito hiriburu nagusian eta Cuencan herrialdeko hirugarren hiriburuan egon ginen. Paramo andinoan ibili ginen, sumendi baten inguruan eta esperientzia polita izan zen. Asko gustatu zaigu. Herrialde bateko esperientzia zaintzen zaituzten moduaren arabera neurtzen da sarri, eta Ekuadorreko turismo bulegoek oso ondo zaindu gintuzten. Hori nabaritzen da.
Lituania leku polita baino, historia interesgarria duena da, ezta?
Ez genuen uste Lituaniari buruzko programa onik egingo genuenik, eta onenetarikoak bertan egin ditugu, bigarrena batez ere. Herri oso aberatsa da eduki dituen konflikto politiko guztiengatik. Konbinazio polita. Ikusleak leku horietara bidaiatzeko gonbidatuz egiten dugu programa eta, ikusleak ere ez du bakarrik turismoaren aldea kontutan eduki behar. Lituaniak hain historia interesgarria izanik, gidoia egiterakoan asko hitz egin zen horretaz. Herrialde osoa oso interesgarria iruditu zitzaigun, oso txikia da, bi milioi dira,.. oso irekiak gainera, oso ondo tratatu gintuzten.
Holandako bi hiritan ere egon zarete, zu, hiri zalea zara ezta?
Egia da hiriak asko gustatzen zaizkidala, azkenaldian hirietan bizi naizela. Niri hirien dibertsitatea gustatzen zait, nahiz eta herri batean bizitzeak ez duen esan nahi dibertsitaterik ez duzunik edukiko. Azken finean, hiri batean bizi zarenean zure antzeko jendearekin bizi zara eta herri batean bizi zarenean ere bai. Niri asko gustatzen zait plan posible asko edukitzea eta hiriak hori posibilitatzen dizu. Bilbon, egun eta gau posible asko daude.
Egia esan Rotterdam eta Amsterdam hiriak interesgarriak dira, ezagutzen nituen aurretik lagun bat han bizi delako, baina beste era batera ikusi ditugu. Saiatu gara euskaldunak hara joaten direnean ikusten duten lehenengo gauza ez erakusten. Adibidez Amsterdamgo auzo gorrian ez ginen egon. Hiriak grabatzen ditugunean saiatzen gara alde cool bat erakusten. Ikusle gaztearentzat edukiak sartzen, artea erakusten, artistak elkarrizketatzen, .... Amsterdam-en gin edaria egiten da eta hori erakutsiko dugu. Gin-a nahastu gabe edate dute. Ez nekien nik horren inguruko izugarrizko tradizioa zutenik.
Heineken garagardo fabrika ere badago
Bai Lasarte-Oriako institutuarekin joan ginen Amsterdam-era gaztetan eta egon ginen bisitan. Oraingoan ez.
Euskaldunekin egon al zarete?
Ez, ez dugu formula hori erabiltzen. Beste programa batzuen desberdina da. ETBn izan zen garai batean “Euskaldunak Europan” programa. Guk bidai programa klasikoa egiten dugu.
Hiru lagun zoazte, zer moduzko elkarlana da?
Bai, kamara, programaren zuzendaria eta hiruok. Oso ondo moldatu gara. Telebistan lana egitea asko gustatzen zait, azken finean emozioa konpartitzen delako errodajeetan. Goizeko zazpietan altxatzen zara eta gaueko 11etan bukatzen duzu, baina talde lan hori, asko gustatzen zait. Aspalditik lan egin dut telebistan eta gauzarik politenetarikoa hori da. Zortzi urtetan lan talde ezberdin askorekin ibili naiz.
Non ibili zara lanean?
Mediapro-n egon nintzen Bartzelonan lanean. 22 urterekin joan nintzen eta 30ekin utzi nuen, zortzi urte beraz. Denetarik egin dut, aurkezle, kamara, errealizadore, muntatzaile, gidoigile. Kamararen bi aldeak ezagutzen ditut.
ETB3an emango dute lehenengo?
Bai toki bakoitzeko bi programa grabatzen dira, ETB3an emango dira lehenengo gero ETA1 eta ETB2an, euskaraz eta erdaraz, bi hizkuntzatan prestatuak daude,
Irratian ere entzuten zaitugu?
Bai lehen faktoriako tertulian egoten nintzen, esperientzia polita izan zen, eta orain Gaztean nago, astelehen eta ostiraletan, iritzi politikoa ematen, nahiko kritikoa, ez oso arrazionala, emozionala. Interesgarria da beti hiritar baten iritzia.
Dida saioa batzuei gustatzen zaie, besteei ez. Ondo dago, gustatzen zait, ezagutzen ditut eta oso jende jatorra da. Irrati formula egiten dute. Ados egongo zara ala ez, baina egon behar du horrelako programa bat euskaraz. Bakarra da. Didak audientzia handiagoa dauka Euskadi Irratiak baino eta hori kontutan hartzekoa da, jendeari gustatzen zaio. Agian nik askotxo egiten dut gazteleraz, baina onartzekoa da, kanpoan hainbeste denbora bizi eta gero kostatzen zait eta euskaraz ondo egitea.
Komunikazioa, antzerkia eta artea uztartzen saiatu zara zure bizitza eta lanbidean...
Bai azken finean nire perfila nahiko multidiziplinarra da, Valentzian ibili nintzen arte munduarekin lotuta. Gero, Mediapron lan finkoa neukan, ez neukan denbora asko, baina saiatzen nintzen eta karrera artistikoa nahiko laburra daukat. Baina azken finean, artea egiten nuenean eta orain, ideia batzuek atzetik ibiltzen saiatzen naiz, azkenean gustukoa dudana sorkuntza da eta. Sorkuntza da irratian iritzi politikoak ematea eta pentsatzea, arte proiektu bat egitea edo gidoi bat zerotik sortzea ere bai. Hori gustatzen zait nahiz eta forma aldatu, artea, telebista edo irratia berdin zait. Hor inguruan ibili naiz.
Zer moduz bizi da Salvadore Tutti?
Hil zen aspaldi, azken urteotan ez dut ezer egin. Aparkatua daukat gaixoa.
Gustatu zitzaidan proiektu hori, Zerotik sortutako zerbait izan zelako, oso interesgarria izan zen, artista bat zerotik eraikitzea, eta artista bat nola sortu edo asmatu zitekeen ikustea. Arteak grazia eragiten dit, jada ez dut sinesten asko horretan. Salvadore Tutti guztien salbatzailea zen, kritika eta ironia askorekin, bide zuzenetik eramango gintuen pertsona, eta ez litzaidake inportako ezizen horrekin beste proiekturen batean parte hartzea. Momentuan, telebistan lan egiten nuenez, ezizen hori erabili nuen arte proiektuak egiteko. Ez litzaidake berriro berpiztea inportako.
Performaktibitatea, perfomantzeak egitea gustuko duzu? Kontatuko al diguzu bat edo beste?
Orain bertan artean ez dut asko sinesten, ez dut batere sinesten, aspertu egiten naiz, bakoitzaren paja mentala da,nork bere buruaren feed back edo berrelikadura, zure buruarentzako orgasmoa.
Baina argi daukat bere garaian egiten nituen gauzekin oso pozik nagoela. Momentu horietan hori egin nahi nuen eta egin nuen. Horrek ez du esan nahi berriro ez nituenik egingo. Oraingoz behintzat interesgarriagoa iruditzen zait, ez egitea zuk nahi duzuna, baizik eta norbaitentzako zerbait egitea.
Kontatuko al didazu egindako proiekturen bat.
Azken lanetariko batek Etatregua izenekoak nahikoa hika mika sortu zuen. Treguaren aldeko kamisetak egin nituen eta jendeari janzteko eskatu. Nik planteatzen nuena zera zen, zergatik ez dio ezker abertzaleak ETAri gelditzeko eskatuko. Batzuei kostatzen zitzaien esatea. Lagunik ez nuen egin eta batzuek haserretu zitzaizkidan. Orain Amaiurrek esan dio, eta pentsa, 2005ean polemikoa zenak, gaur egun, sei urtetara, ez zuen batere polemikarik izango. Horren balorea ere hor dago. Bitxia da gizartea eraldatzen ari dela denbora pasa ahala. Kasu honetan artea ez zen koadro batean, kamiseta batean zen eta nik uste proiektu hau indarrean dela oraindik, gaur egun ere zer esana badaukala. Nik iritzi bat daukat, eta nahiz gogorra izan, esan egingo dut. Gaztean, kamiseta batean, lagun bati, edo telebistan. Normala hori da, gizarte honetan bizi gara eta jendeak iritzia dauka.
Eta beste proiekturik?
Arrakasta izan zuen beste bat 1968 2008 izeneko bideoa izan zen: 2008an aztertzen nuen 68koak suposatu zuena. Telebistarako elkarrizketa batean ikusten zen telebistak nola sinplifikatzen dituen mezuak..
Zer moduz bizi zara Bilbon?
Lasarten nire lagun koadrila badaukat, baina oso lagun koadrila majoa daukagu Bilbon ere; etxetik gertuago nago, sarri hurbiltzen naiz gurasoekin eta arrebarekin egoteko, hilean behin edo, ahal badut koadrilarekin ere geratzen naiz, baina azken finean ez nago denbora askoan. Dena den ni oso pozik etortzen naiz, harro nago herrikoa izateaz, bertan jaio izanaz. 15 urterekin hasi nintzen Txintxarrin artikuluak idazten eta horretaz ere harro.
