Lasarte-Oriako mugaz-muga ibilaldia

jon-altuna-iza 2012ko apirilaren 2a

Oinatz taldeak Euskal Herriko hainbat txokotara irteerak antolatzen dituela jakina da. Hurrengoa aldiz, Lasarte-Orian bertan burutuko da. Iaz bezala, Lasarte-Oriako mugak, herriko bitxikeriak eta aspaldiko kontuak ezagutzeko aukera eskainiko die herritarrei apirilaren 21ean, larunbata. Goizeko 9:00etan Jalgitik atera eta bi ibilbide desberdin egiteko aukera izango da, bat mendi gainetatik eta bestea erosoagoa, nahi duten guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten.

Sara eta Zugarramurdiko Leize-zuloetara egin zuten irteeraren ondoren, Oinatz taldeak herrian bertan egingo du hurrengo irteera. Mugarriz mugarri, herriaren mugak eta txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Gainera tokian tokiko bitxikeriak eta istorioak kontatuko dituzte.
Iaz ere antolatu zuten antzeko ibilaldia eta arrakasta handia izan zuen. Aurten bi ibilbide izango dira, mendian ibiltzen ohituta daudenentzat luzea eta aldapatsua eta ohituta ez daudenentzat erosoagoa, edonork egiteko modukoa. Bi taldeak elkarrekin aterako dira Jalgitik, eta hamaiketako egiteko elkartuko dira ibilbideko puntu batean.
Gainera, bukaeran, nahi dutenek, Ikatz Mendi jatetxean bazkaltzeko aukera izango dute. 13 euro balio du menuak. Haurrentzat kroketak, makarroiak eta postrea izango dira eta helduentzat entsalada, saiheskia eta etxeko postrea. Ibilaldian parte hartzeko eta bazkarira joateko asmoa dutenek Ttakunen eman beharko dute izena.


Itzulia
Zalantzarik gabe bira interesgarria eta herria ezagutzeko modu berezia izango da eta parte hartzen dutenek datu historiko, demografiko eta bitxikeriak ezagutuko dituzte. Herri erditik atera eta Lasarte-Oriari itzulia emango diote apirilaren 21ean goizez Oinatzek antolatutako irteeran parte hartzeko prest direnek: Zubieta aldea, hipodromoa, Oria, Urnieta eta Hernani aldeak,...
Oinatzen helburua, jakina denez, tokiak ezagutzeaz gain bertako historia ere ezagutaraztea da. Hori egin dute joan diren toki guztietan eta oraingoan herriko kontuak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Gainera denek izango dute dakitenaren berri emateko aukera.
Herri bitxia da dudarik gabe Lasarte-Oria, Gipuzkoako gazteena 1986an sortu baitzen, herri izan gabe bere historia duena, hedadura gutxikoa, herrialdeko txikiena eta beraz biztanle dentsitate handikoa. Hala ere, ibaia eta mendi aldea ere baditu.

Erreferentzia historikoak
IX. mendetik Lasarte-Oriako etxe eta bizimoduaz dauden erreferentziak aipatuko dira ibilaldian zehar, besteak beste, baserri, burdinola, dorretxe, ermita, eliza, errota...
Jada XIX. mendetik aurrera ezagunagoa da historia eta datu gehiago ageri dira, errepide berriak, trenbideak, industrializazioa, lehenengoa eskola publikoa, gerla karlistak... eta XX. mendeko hainbat bitxikeria ere aipatuko dira, lehen telefono zentrala, Golf Zelaia, hipodromoa, “milioi erdiko saria” 1922ko zaldi lasterketa ospetsua, aerodromoa, Lasarteko auto zirkuitoa, Michelinen sorrera, 36ko gerlako kontuak eta abar.