LOKEko gimnastak Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri 2012ko apirilaren 2a

Lehengo asteburuan, martxoaren 25ean, LOKEKo gimnastek Eskolarteko eta Amateur mailako txapelketako bigarren saioa izan zuten. Honetan, Aizpea Arroyok, Ariadne Aguadok eta kadete taldeak Gipuzkoako txapelketarako txartela lortu zuten. Asteburu honetan, berriz, LOKEko gimnasta guztiek Andoaingo taldekoekin batera erakustaldia ederra egin zuten Udal kiroldegian.

LOKEko gimnastak aste hauetan lehiaketetarako prestatu dira burubelarri eta emaitzak dira.
Lehengo asteburuan, eskolarteko eta amateur mailako txapelketako bigarren saioan izan ziren Bergaran. Honetan, Aizpea Arroyok, Ariadne Aguadok eta kadete taldeak Gipuzkoako txapelketan parte hartzeko sailkatu ziren. Garazi Gomezek ere sailkapena lortu zuen, nahiz eta ez lehiatu.
Aizpea Arroyo juniorrak lan ona egin zuen eta 3. izan zen xingolarekin lan egiten. Honela bi saioetan lortutako emaitzekin, sailkapen orokorrean bigarren postua lortu zuten.
Maila berean, Ane Ayestaranek parte hartu zuen eta 13. sailkatu zen bai bigarren saioan, baita sailkapen orokorrean ere.
Kadete mailan, borrekin lan egin behar izan zuten. Ariadne Aguadok 7. postua lortu zuen eta horrek sailkapen nagusiko 9. postuan jarri zuen.
Bestalde, kadete bikotean, Maria Millanen txanda izan zen eta 23. postuan amaitu zuen. Honela, sailkapen orokorrean hamaikagarren izan ziren.
Kadete taldeak ez zuen egun ona izan eta 9. postua lortu uztai eta pilota lanean. Hala ere, sailkapen nagusian 4. postuan amaitu zuten.

Gipuzkoako txapelketa
Gauzak honela, Maite Rueda entrenatzaileak azaldu digunez, Aizpea Arroyok, Ariadne Aguadok eta kadete taldea maiatzaren 26an Bergaran egingo den Gipuzkoako txapelketan izango dira. “Kadete bikotea postu batetara geratu da. Izan ere, txapelketarako 10 bakarkako eta 5 talde” saikatzen baitira.
Era berean, senior mailan lehiatzen den Garazi Gomez ere finalean egongo dela aurreratu digu. “Garazi lesionatua dago eta ezin izan zuen bigarren saio honetan parte hartu. Baina bere mailan bost gimnasta bakarrik daude eta medikuaren frogaagiria erakutsita Gipuzkoako txapelketan izango da” adierazi digu.

Erakustaldia
Hitzordu garrantzitsu hori baino lehen, LOKEko alebin eta infantil taldeek Udaberri txapelketako bigarren saioa izango dute, maiatzaren 20an.
Eta hau prestatzeko, larunbata honetan erakustaldi bikaina egin zuten LOKEko maila guztietako gimnastek Udal kiroldegiko kantxan. Herriko neskato eta gazteek haien trebetasuna erakutsi zuten hainbat tresnekin. Hauekin batera, Andoaingo Kirol taldeko gimnastak ere izan ziren.