Jaizkibel menditik zeharkaldia

Txintxarri 2012ko apirilaren 2a

Ostadar SKT-ko Mendi sailak Jaizkibel mendiaren zeharkaldia antolatu du apirilaren 15, iganderako.
Taldeko arduradunek, azaldu digutenez, 7 orduko ibilaldia izango da. “Zailtasuna ez da handia izango, baina 20 kilometroko ibilbidea da,” azpimarratu dute.
Azaldu digutenez, Pasaia San Pedron egingo dute hitzordua interesatuek. Gero, Donibanera txalupaz igaro eta zeharkaldia hasiko da. Mendi ibilbidea kostaldetik egingo da eta Hondarribin amaituko da. Buelta autobusez egingo dutela jakin arazi dute.

Eraman beharrekoak
Era berean, antolatzaileek ohartarazi nahi dute bidean ez dagoela urik eta horregatik, parte hartu nahi duen orok ura soberan eraman dezala.
Honetaz gain, janaria eta txaluparako eta autobuserako dirua eraman behar dute partehartzaileek.

Izena ematea
Zeharkaldi honetan parte hartu nahi duen orok izena eman behar duela aipatu dute Ostadar Mendi saileko lagunek.
Honetarako, telefono zenbaki honetara deitu beharko dute (639056967), Soniaren izenean. Azken eguna apirilaren 13a ostirala izango da.