Azken astean Askatasun parketik igaro diren herritarrek bertan hainbat kalte edo belarra zaindu gabe zegoela ohartuko ziren. Hauen harira, Udal gobernuak oharra helarazi die komunikabideei azalpenak emateko.
Udal taldeak jakitera ematen duenez, Lasarte-Oriako Udalak eraikuntza enpresari parkea irekitzeko eskatu zion, “ez baitzuen zentzurik parkea zegoen moduan egon eta gaur arte itxita egoteak”.
Hilabete hauetan, Udal gobernu taldeak ohartarazten duen bezala, belarrak hazi eta bertako harriak parke guztian zehar sakabanatuak bukatu dute. “Hau ikusita, Udalak harri hauek kentzeko eskatu zion eraikuntza enpresari”.
Izan ere, oharrean azpimarratzen den bezala, parkea eraikitzeaz arduratu den enpresa orubearen jabea da eta obra guztiak amaitzean udalak jasoko du. “Parkea txukuntzeaz, lan guztiak bukatu eta behar bezala Udalari entregatzeaz arduratu behar dena eraikuntza enpresa da,” adierazten dute.
Hala eta guztiz ere, garbiketa mantenua egin duena Lasarte-Oriako udala izan dela jakitera ematen dute.
Honetaz gain, parkearen erdigunean egurrezko ohol batzuk ere hautsita daudela ohartu da Udal gobernu taldea eta oharrean azaltzen dutenez, “garbiketa enpresak eragin zuen garbitzeko makina sartzen saiatu zenean eta beraiek konponduko dute ahal bezain azkarren”.
