
Lasarte-Oriako Udaleko Kultura saileko, Kukuka antzerki eta dantza eskolako eta Alurr dantza taldeako ordezkariak izan dira prentsaurrekoan.
Kukuka antzerki eta dantza eskolako Joxe Mari Agirretxe pozik agertu zen hamar urte hauetan taldeak egin duen lanarekin eta hamar urte hauek ospatzeko, lagunak gonbidatu dituztela azpimarratu zuen.
Oraingo honetan, Ibarrako Alurr dantza taldeko lagunak izango dira Manuel Lekuonan eta Agirretxek jakin arazi duenez, ikuskizunaren estreinazko saioa izango da.
Pozik eta esker oneko agertu da Eli Nosellas Alurr dantza taldeko kideak prentsaurrekoan. “Gure lana zabaltzea gustuko dugu eta honelako aukera izatea pozgarria da,” adierazi du.
Historiako pasartea
Honetaz gain, ikuskizunaren sorreran Joxe Mari Agirretxek zer ikusia duela aipatu du, “berarekin harremanetan jarri ginen. Honek Euskal Herriko historiari buruzko zerbait egin behar genuela aipatu zigun”. Azkenean, hainbat talderekin harremanetan jarri eta aurten Nafarroako Erresuma konkistatua izan zeneko 500 urteurrena zela aipatu zieten. Gai honi heldu eta taldeko gaztetxoei eta ikusleei dantzaren bidez historia ezagutarazi eta azaltzeko aukera ona zela ikusi zutela, azaldu dute Alurr taldeko kideek.
Izan ere, “Izanak dirau, 1512” ikuskizunean “nafarren indarra eta sentimendua, bizi izan zituzten gudak, influentzia kulturalak, jai giroa nahaste saiatu gara,” azaldu du Aiert Beobide ikuskizuneko zuzendariak.
Beobidek adierazi duenez, “ez da lan erraza izan”. Ikasturte hasieratik taldeko 30 gazterekin lanean dihardu ikuskizuna aurrera ateratzeko, “ilusio eta urduritasun handia dute ikuskizuna aurkezteko”.
Ikuskizunean dantza tradizionalak, pausu moldatuak eta sorkuntza piezak daudela azpimarratu dute eta “ikusleek istorioa hobeto uler dezaten proiekzioak erabiltzen ditugu”.
Gauzak honela, Alurr dantza taldeko eta Kukuka antzerki eta dantza taldeko kideek larunbatean Manuel Lekuonara hurbiltzeko gonbita egin diete lasarteoriatar guztiei. Sarrerak leihatilan eta internet bidez eskuratu daitezke. Leihatilan 3, 20 euro balio dute, on-line, berriz, 3 euro.
Urteurreneko ekintzak
Baina ez da hau Kukukaren X. urteurreneko ospakizunen barruan hilabete honetan egingo den ekintza bakarra izango. Maider Oiartzabalek azaldu zuen moduan, apirilean beste bi ekintza daude. Hurrengo asteartean apirilaren 17an, Julia Marinek antzerkiko klase ireki bat eskainiko du Manuel Lekuonako areto nagusian. Honetara antzerkiko zaletuak gazte, zein helduak daude gonbidatuak. Apirilaren 25ean, asteazkena, berriz, Kukai dantza taldeko kideek entsegu irekia egingo dute. “Azken urteetako koreografien erakusketa izango da,” azaldu du Oiartzabalek.