Parte-hartze positiboa auzoz auzokoan

Txintxarri Aldizkaria 2012ko apirilaren 13a

Auzoz auzoko bileren 2. fasea bukatuta balorazioa egin dute Parte-hartze saileko arduradunek gaur eguerdian.

Parte-hartze saileko arduradun eta teknikariak eskaini dute balorazioa.
Parte-hartze sailak, auzoz auzoko bilerak amaituta, herriko arazoen diagnosia aurkeztu zioten prentsari ostiralean. Parte-hartze saileko batzorde burua, Alaitz Mendizabal eta Larraitz Sarobe teknikaria izan ziren auzoz auzoko prozesuarenbalorazioa eskaini zutenak.
Alaitz Mendizabalek azaldu zuenez, “positibotzat jotzen dugu lehenengo aldiz martxan jarri dugun parte-hartze prozesu hau”.
Parte-hartze saileko arduradunak eskainitako datuen araberan, bi faseetan 312 pertsona hurbildu dira bileretara. Beraz, “erantzun ona izan du”.
Pozik agertu zen, “herriko beharren diagnosia egitea lortu dugulako” eta orain zehaztutako lehentasunekin lanean hasiko direla aipatu zuen.
Gainera, prozesu honek Udala gertuago sentiarazteko balio izan duela azpimarratu zuen.

Proposamenak

Guztira 290 bat proposamen bildu dituzte eta bigarren fase honetan lehentasunak ezarri dituzte.
Eta prentsaurrekoan azaldu dutenez auzo guztiek arazo komunak lehenetsi dituzte: auzoko garbiketa, Hiribusaren zerbitzua, Txakur kaken arazoa, aterpea duen plaza edo leku bat egitea, aparkamendu gabezia, Udaltzainen aldetik kontrol gehiago, N-1 errepideko soinu pantailen luzapena, Ospitaleetako autobusak herrian zehar geltokiak izatea eta bajuetako egoerak erregulatzea, pintadak, soinuak, haurren jolasak...

Prozesua

Prentsaurrekoan jakin arazi dutenez, Udalaren konpetentzia diren proposamenek bi bide jarraituko dituzte.
Batetik Udalak epe motzean erantzuna eman ahal dien arazoak daude. “Hauen artean auzolana egiten konpondu daitezkeenak”.
Eta bestetik lanketa sakona eskatzen duten proposamenak daude. Hauen kasuan, sail desberdinetako teknikariek landuko dituzte eta herritarrekin batera, aurrera eramango den proiektua zehaztuko da.
Azkenik, udalak konpetentziarik ez dituen proposamenak daude. Hauek konpontzeko Udalak dagokion erakundeari zuzenduko zaio eskaera ofiziala eginez.

Herritarrei jakitera eman

Gainera, hau guztia, herritarrei jakitera emango zaiela azpimarratu dute.
Asteazkenean, apirilaren 18an 19:00etan diagnosiaren aurkezpena egingo da Manuel Lekuona kultur-etxean.
Prozesuan parte hartu duten herritarrei posta elektronikoz diagnosia bidaliko zaie, baita hurrengo bileretako deialdiak ere.
Eta bileretan parte hartu ez dutenek ere aukera izango dute diagnostikoa eskuratzeko kultur-etxera hurbildu eta parte-hartze sailan bere posta elektronikoa emanaz.

Beste ekimenak

Bide batez, hilabete honetan, apirilaren 26an Inauterietako 4. bilera egingo dela gogoratu dute. Honetan talde bakoitzak bere balorazioa aurkeztuko du.
Era berean, San Pedro jaiak gertu daudenez, egitaraua adosteko maiatzaren hasieran Festaz Blai!! egitasmoko 5. bilera egingo dela ere aipatu dute.