14_Kukukaren X. urteurren ospakizunetan, "Izanak dirau, 1512" ikuskizuna estrainekoz

Txintxarri Aldizkaria 2012ko apirilaren 14a

Hamar urte bete ditu Kukuka herriko dantza eta antzerki eskolak. Hamarkada honetan egindako lan eskerga eta lorpenak ospatu asmoz, larunbat arratsaldean “zanak dirau, 1512” ikuskizuna eskaini zuen Ibarrako Alurr gazteen dantza taldeak. Jende ugari bertaratu zen duela 500 urteko Nafarroan girotutako dantza emanaldiaz gozatezera eta bide batez, Kukukak egindako lana txalotzera.

Lan ete lan aritu dira azken hamar urteotan Kukuka dantza eta antzerki eskolako kideak herriari barre algarak eragin edota denetariko emozioak sorraraziz. Ameslari eta amets eragile izan dira aldi berean.
Hamarkada honetan egindako lana ospatu asmoz, Ibarrako Alurr dantza taldeko lagunak gonbidatu zituzten herritarren aurrean “Izanak dirau, 1512” ikuskizuna kultur-etxean estrainekoz aurkez zezaten.

Ikuskizun hunkigarria

Nafarroako erreinu zaharrera bidaiatu zuten kultur-etxera bertaratu ziren lagunek. Edo hobekiago esanda, hara biali zituzten Aiert Beobide zuzendariaren esanetara aritu ziren neska dantzari gazteek. Duela 500 urteko istorio, pasarte eta kontakizunak interpretatu zituzten Alurr taldeko dantzariek, betiere sinbolismoz beteta. Bikain aritu ziren oholtzaratu ziren neska gazteak eta amaitzean ondo merezitako txalo zaparrada jaso zuten. "Izanak dirau, 1512" iraganari egindako gorazarrea izan zen, Nafarroako erreinua eta haren izana aldarrikatzen duen ikuskizuna. Iraganik gabeko herriak etorkizunik ez duela aldarrikatu nahi izan zuten larunbateko emanaldiaren bitartez.
Ziur aski, zeresan handia emango dute Alurr taldekoek abuztura bitartean bisitatuko dituzten Euskal Herriko areto guztietan.

Urteurreneko ekintzak

Baina ez da hau Kukukaren X. urteurreneko ospakizunen barruan hilabete honetan egingo den ekintza bakarra izango.
Apirilean beste bi ekintza daude prestatuta. Bihar, apirilaren 17an, Julia Marinek antzerki klase ireki bat eskainiko du Manuel Lekuonako areto nagusian. Kukukako lagunek azaldu digutenez, Julia Marin herritarra esperientzia handiko pertsona da anzterki munduan.
Klase irekiari dagokinez, sorkuntza lantzeko hainbat ariketa egingo dituztela aipatu dute eta saio honetara antzerki zaletu gazte zein helduak gonbidatuta daudela azpimarratu dute.
Bestalde, apirilaren 25ean, asteazkenez, Kukai dantza taldeko kideek entsegu irekia egingo dute. “Azken urteetako koreografien erakusketa izango da,” azaldu du Maider Oiartzabal Kukukako dantza irakasleak.