Hamarkada honetan egindako lana ospatu asmoz, Ibarrako Alurr dantza taldeko lagunak gonbidatu zituzten herritarren aurrean “Izanak dirau, 1512” ikuskizuna kultur-etxean estrainekoz aurkez zezaten.
Ikuskizun hunkigarria
Nafarroako erreinu zaharrera bidaiatu zuten kultur-etxera bertaratu ziren lagunek. Edo hobekiago esanda, hara biali zituzten Aiert Beobide zuzendariaren esanetara aritu ziren neska dantzari gazteek. Duela 500 urteko istorio, pasarte eta kontakizunak interpretatu zituzten Alurr taldeko dantzariek, betiere sinbolismoz beteta. Bikain aritu ziren oholtzaratu ziren neska gazteak eta amaitzean ondo merezitako txalo zaparrada jaso zuten. "Izanak dirau, 1512" iraganari egindako gorazarrea izan zen, Nafarroako erreinua eta haren izana aldarrikatzen duen ikuskizuna. Iraganik gabeko herriak etorkizunik ez duela aldarrikatu nahi izan zuten larunbateko emanaldiaren bitartez.
Ziur aski, zeresan handia emango dute Alurr taldekoek abuztura bitartean bisitatuko dituzten Euskal Herriko areto guztietan.
Urteurreneko ekintzak
Baina ez da hau Kukukaren X. urteurreneko ospakizunen barruan hilabete honetan egingo den ekintza bakarra izango.
Apirilean beste bi ekintza daude prestatuta. Bihar, apirilaren 17an, Julia Marinek antzerki klase ireki bat eskainiko du Manuel Lekuonako areto nagusian. Kukukako lagunek azaldu digutenez, Julia Marin herritarra esperientzia handiko pertsona da anzterki munduan.
Klase irekiari dagokinez, sorkuntza lantzeko hainbat ariketa egingo dituztela aipatu dute eta saio honetara antzerki zaletu gazte zein helduak gonbidatuta daudela azpimarratu dute.
Bestalde, apirilaren 25ean, asteazkenez, Kukai dantza taldeko kideek entsegu irekia egingo dute. “Azken urteetako koreografien erakusketa izango da,” azaldu du Maider Oiartzabal Kukukako dantza irakasleak.
