Urruzola: Lasarteoriatarrek Alkizan egindako Getariako txakolina

jon-altuna-iza 2012ko api. 16a, 02:00
Xabier Urruzola eta Garazi Del Rey bikoteak Inazio Urruzola markako lehen txakolin botilak merkaturatu ditu aurten. Duela hiru urte jatorrizko izendapen ofiziala lortu, Xabierren aita zenaren jaiotetxea den Garaikoetxea baserriko lurretan lehen mahatsondoak landatu, iaz lehen uzta jaso, udazkenean txakolina egin eta aurten probatu ahal izan da Alkizan egin den lehen txakolina. Bikoteak bi erronka ditu orain, bata beraien dolare eta bodega eraikitzea, eta bestea Tolosaldean zabaltzea, hau da, Alkizan egindako txakolina edan dadila bailara honetan.
Getariako txakolina ez da kostaldean bakarrik egiten, 1989tik dauka izendapen ofiziala, orduan eman zioten Getariako txakolinari jatorrizko deitura, eta gero 2007an Gipuzkoa osora zabaldu zen izena aldatu gabe. Txakolin produkzioa kontrolatzen duen Kontseiluak baimen berriak eman zituen duela lau urte eta hiru hektarea landatzeko baimena lortu zuen orduan Xabier Urruzola eta Garazi Del Rey bikoteak.

Azken hiru urteotan makina bat lan egin eta hainbat izerdi bota ondoren, aurten jaso dute saria. Garaikoetxeako sailetako mahatsarekin egindako txakolina dastatu ahal izan dute. Iazko udazkenean egin eta botilaratu zuten Getariako Ameztoi txakolindegian.

Inazio Urruzola izena jarri diote txakolinari, Xabierren aita zenaren omenez. Lasarte-Orian lan egin eta bizi zen arren ia egunero joaten zen Alkizako Garaikoetxea bere jaiotetxera 2005ean hil zen arte. Xabier Urruzolak kontatu digunez, "hemen kalean bizi gara, baina beti izan dugu Alkizara joateko joera. Aspaldi entzun genuen txakolinaren denominazioa zabaltzera zihoala, eta buruan nerabilen hori. Behin New York-en, semaforo batean pintore bat ikusi genuen, lanetik bueltan, pinturaz zikindutako bere laneko-buzo zuriarekin eta karrito batean bi ardo kaxa zeramatzan, Ameztoi txakolina New York-en! Ni, ardo salmenta dendak zeuden toki horretan, txakolinean pentsatzen nindoan, gainera. Seinale bat bezalakoa izan zen. New York-etik bueltan hasi ginen informazioa biltzen eta ingurua mareatzen".

2008 bukaera zen eta handik gutxira martxan zen Alkizan txakolina egiteko proiektua. Xabier Urruzola eta Garazi Del Reyk kontatu digutenez, "prozesua aberatsa izan da. Hari mutur bati heldu eta tiraka gaur arte. Oso polita, baina gogorra eta oso garestia ere bai: inbertsio handia eskatzen du, eskubideak erosi behar dira, Foru Aldundian lehiatu..."

Alkiza bezalako
herri txiki batean mahastien landaketak oihartzun handia izan du, eta bertako herritarren artean interes berezia piztu. Barnealdean ekoizten den txakolin honek hasieran harridura sortu badu ere, dagoeneko ezagutzera ematen ari da eta lehen botilek harrera ezin hobea izan dute Tolosaldean


Horretarako hainbeste adiskideren laguntza izan dute. Bikoteak berak jakinarazi digunez, "gertuko lagun baten bitartez Oñatiko txakolingile baten esperientzia eredugarria ezagutzeko aukera izan genuen. Orduan jakin genuen Getariako Txakolinaren jatorrizko izendapena zabaldu egingo zela eta bertan kargatu genituen pilak aurrera egiteko".

Gipuzkoa osoan
Getaria inguruko herrietatik kanpo dauden mahastien jabe eta txakolin egileek osatutako Atxagi elkarteak ezagutarazi du txakolina XVI.mendean Gipuzkoako barne aldean ekoizten zela.
Besteak beste, Oiartzun, Oñati, Arrasate eta Mutrikun aspalditik txakolina egiten zela frogatu eta, Foru Aldundiaren laguntzarekin elkarte honek egindako lanari esker, txakolina egiteko baimenak Gipuzkoa osora zabaldu ziren 2007an.

Beraz, izendapen ofiziala duen txakolina egiteko aukera zabaldu egin zitzaien ekoizle berriei eta horretaz baliatu ziren lasarteoriatarrak. "Orduan hasi zen saltsa, papeleoa, txosten, agiri, lurraren balio-ziurtagiri eta abar. Baimen gutxi ziren eta eskaera asko, baina lortu genuen hiru hektarea jartzeko baimena. Nekazari gazteak bultzatzen ari dira Foru Aldundian eta gu horrela aurkeztu ginen. Gaztea eta nekazaria izatea ohikoa ez denez, gazteek nekazari esplotazioak jartzeko garaian erakundeetatik bultzada ematen ari dira. Aldundiaren Gaztenek programaren barruan egotea ezinbesteko baldintza izan zen baimenak eskuratzeko orduan".

Lehen botilak
Behin baimena lortuta, duela hiru urte bi hektarea mahasti jarri zituzten bi sailetan banatuta, eta orain beste hektarea bat prestatzen ari dira. Lehenengo fruituak iaz, udazkenean, eman dituzte mahastiek, eta gerora beraien upategia eraikitzeko asmoa dute, baina bien bitartean Getariako Ameztoi txakolindegian egingo dute Urruzola markako txakolina, aurretik harremana zutelako txakolindegi honekin.
"Egia esan motibatzen du markak eta baita hainbeste urtean lan eta lan aritu ondoren zure txakolina ikusteak. Harro gaude, ia malkotan ginen lehen botilak atera zirenean" kontatu digu bikoteak.
Dena den ondorengo urteetan litro gehiago egiteko aukera izango dute, gehienez gutxi gorabehera 13.000 litro. "Denominazioa kontrolatzen duen elkarteak mugatzen du produkzio kopurua urteko uztaren arabera. Begiraleek mahasti guztiak pasatzen dituzte kalkulatzeko. Horrekin, etxetik kanpo ekarritako mahatsarekin txakolina egitea saihestu nahi dute. Oso kontrolatua dago gaur egun txakolingintza" kontatu digu Xabier Urruzolak.


Uzta ona, ardo ona
Txakolinak jendearen artean harrera ona izan duela adierazi digute Xabier Urruzola eta Garazi Del Reyk. Argi daukate "etxeko" txakolina dela, "nekazaritzatik abiatutako proiektuek beti izan ohi dute familiarekiko lotura estu bat. Egungo gizartean ikusten ez diren baloreak azaleratzen dira, hor, adiskide eta familiaren elkartasunak eta babesak, lehentasuna hartzen dute. Lagunak lagun direla erakusteko aukera izan dute".

Tolosa aldeko gutiziak
Irailean denen artean jaso zuten mahatsa, iraileko azken bi asteetan prentsan zen eta urrian kupelean. Abendurako prest zegoen, jada upeletik botilara pasatzeko.
Urteko ardoa da, beraz, Inazio Urruzola markakoa. Piskanaka hasi dira zabaltzen eta esaterako Lasarte-Orian soilik Jalgi tabernan dago salgai. Xabier Urruzolaren iritziz, oraingoz txakolina zabaltzea eta ezagutaraztea bera garrantzitsuagoa da merkaturatzeak ekarriko duen irabazia baino.
Gainera ez dute produkzio handirik eta ez du merkaturatze oso handia eskatzen. "Gure erronka Tolosaldean banatzea da, badira produktu eta gutizi asko Tolosan eta polita litzateke gure txakolina beste bat izatea. Tolosaldeak gastronomiaren aldetik duen entzute eta ospea toki gutxik dute gainera. Babarrunak, txuleta, Ibarrako piperrak, Gorrotxategiko gozoak... Gastronomikoki oso aktiboa den herri bat da, feria ugari daude, eta oraingoz txakolina falta du ospakizun horietarako" kontatu digute Xabier Urruzola eta Garazi Del Reyk.

Garaikoetxea baserrira XIV. mendekoa dela diote, "segur aski Alkizako zaharrenetarikoa". Baserrian mahatsondoak jartzen hasi eta txakolina egingo zutela jakitean jende asko joan zen ikustera, nobedadea izan zen Alkizan. "Alkiza bezalako herri txiki batean mahastien landaketak oihartzun handia izan du, eta bertako herritarren artean interes berezia piztu. Barnealdean ekoizten den txakolin honek hasieran harridura sortu badu ere, dagoeneko ezagutzera ematen eta harrera ezin hobea izaten ari da Tolosaldean".

Animatzen zaitu hainbeste urtean lanean aritu ondoren zure txakolina ikusteak. Harro gaude, ia malkotan ginen lehen botilak atera zirenean



Garestia
Txakolina ekoizteak kostu handia du, garestia da. Foru Aldunditik laguntza txiki batzuk badituzte, baina inbertsio handiak egin behar dira: lurrak prestatzeko makinak alokatzea, traktorea erostea, landareak eta hauen tratamenduak... Upategia jartzea bera ere oso garestia da.
Ondorengo urteetan uzta oparoagoa espero dute, urteek aurrera egin ahala mahastiaren heldutasunaren poderioz. Duela hiru urte landatutako mahatsondoek udazkenean eman dute lehen mahatsa, baina oraindik ez daude onenean eta aurten jarriko dituztenek ez dute hiru urtean alerik emango. Hirugarrenean hasten dira ematen, gero eta oparoago. Aurten urte bukaeran iaz baino gehiago jasotzea espero dute beraz.
Nafarroa eta Errioxatik ekartzen dituzte landareak, "Hondarribi zuri" mahats mota erabiltzen dute derrigorrez, jatorrizko izendapena izateko ehuneko 80 mota horretakoa behar duelako, eta gero beste ehuneko 20a libre uzten da, txakolingile bakoitzak aukeratzeko. Alkizan Chardonnay eta Petit Corvou motatakoak jarriak dituzte ehuneko 10 bakoitzetik.

Beste hektarea bat
Negu honetan lan asko izan dute Garaikoetxean, batetik beste hektarea bat lur prestatu dute mahatsondoak landatzeko eta bestetik basoan akazia arbolak bota, egurra ekarri eta mahatsondoei eusteko hesolak egiten ari dira.

Maiatzean landatuko dituzten mahatsondoek, esan bezala, hiru urte barru emango dute fruitua. Honekin jada baimendutako hiru hektareak osatuta izango dituzte. Xabier Urruzolaren iritziz, "hiru hektareak kopuru txikia dirudien arren, pertsona baten etengabeko zaintza eskatzen du".