Ogasun saileko arduradunak Estitxu Alkortak hilabete hauetan gastua murrizteko egin den lana aipatu zuen.
Eta hurrengo asteetan aurrekontuak Ogasun batzordean aurkeztuko direla aurreratu zuen.
Zabaletako aldapa
PSE-EEk Zabaletako aldapa berurbanizatzeko aurkeztutako mozioa eta Bilduren zuzenketa aztertu ziren.
Eztabaidaren ostean, Bilduren eskaera onartu zen EAJ, LOHP eta Marisa Zubiri zinegotzi ez adskribatuaren bozkekin. PSE-EEk aurka egin zuen eta PP-k abstentziora jo zuen.
Emendakinean azaltzen denez, auzoz auzoko bileretako proposamen artean Zabaleta aldapako konpontzea dago eta “udal honek garrantzia eman nahi dio bilera hauetan sortutako puntu eta ideia guztiei, tartean Zabaletako aldapako berurbanizatzeari”.
Bateragune
Bateragune auziak ere izan zuen leku batzarrean. Hasiera batean Bilduk eta EAJ-k bi testu desberdin aurkeztu bazituzten ere, biek adostutako emendakina eraman zuten Udalbatzarrera.
Honetan, martxoaren 28an, Auzitegi Gorenak Bateragune auzian emandako ebazpena bertan behera uztea eta Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Lasarte-Oriako herritarra den Rafa Diez aske uzteko eskaria egiten da.
Berdinketa izan zen bozkan, Bildu eta EAJ alde egin zuten, PSE eta PP alderdiek aurka eta LOHP eta ez adskribatutako Marisa Zubiri abstenitu ziren. Eta alkatearen kalitatezko botoari esker, onartu zen proposamena.
Euskaltegiak
Honetaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta HABEk Udal Euskaltegien dirulaguntzen murrizketa dela eta, Bilduk mozioa aurkeztu zuen.
Bilduk euskaltegien dirulaguntzen murrizketak Udalei suposatzen dien karga ekonomikoa salatu zuen.
Gauzak honela, Jaurlaritza eta HABEri baliabide ekonomikoak jartzea, ardura politikoa kontuan izatea, erakundeei arduraz jokatzeko eskatu eta euskararen alde lan egiteko herritarrei deialdia egiten die Bilduk.
Gai honetan ere bi bozka egin behar izan ziren eta alkatearen kalitatezko bozka erabili behar izan zuen berriro ere Bilduk.
PSE-EEren galderak
Azkenik, galdera eta erreguak izan ziren eta PSE-EE izan zen galderak egin zituen alderdi bakarra.
Nerea Sanchezek argitzapen batzuk eman nahi izan zituen, Okendo plazari buruz. Aurreko udalbatzarrean "Okendoko lanak egin zirenean jaietarako erabiltzen zen argi koadro kendu eta ez zen berririk jarri". Orain koadro hori non jarri aztertzen ari da Udala eta irtenbidearen arabera, " agian, Okendoko eremu bat altxa beharko da".
