Bertsolari harrobi bikaina

maider-azurmendi 2012ko api. 18a, 15:16

Lasarte-Oriako XIX. Bertsopaper lehiaketaren sariak banatu dira gaur Manuel Lekuona kultur-etxean. Ttakun Kultur Elkarteak eta Udaleko Euskara batzordeak antolatu dute beste urte batez lehiaketa hau. Sariak banatu baino lehen bertso saio berezia entzun ahal izan dute bertan bildutako ikasleek Ane Labaka eta Unai Muñoaren eskutik.

Ttakunek eta Udal Euskara batzordeak antolatzen duten Lasarte-Oriako XIX. Bertso Paper Lehiaketako sari banaketa Ane Labaka eta Unai Muñoa herriko bertsolarien saioarekin hasi da. Ekitaldian, Sasoeta, Landaberri eta Institutuko ikasle mordoxka izan da. Bertso saioa entzun ondoren, sarituen izenak esan ahala bakoitzak bere bertsoa botatzeko aukera izan du.

Sarituak hauek izan dira: Landaberriko lehen hezkuntzan lehenengo saria Xuar Agirrek eskuratu du eta bigarrena berriz, Nahia Arrutik. Sasoeta- Zumaburun lehen saria jaso dute Yeray Mendibe eta Diego Andreuk. DBHko ikasleen artean garaile izan da Lierni Rekondo eta bigarrena lortu du Aitziber Mendiluzek. Ekitaldian SMS lehiaketako sarituaren izena ere eman da ezagutzera eta hau Eder Gestoso Landaberriko ikaslearentzat izan da.

Sarituek gustura hartu dituzte euren saria Boris Nogales Euskara Batzordeko buruaren eskutik.