Eskolak jakintza eta etxeak nortasuna zein oreka emozionala eman behar digutela uste dezakegu, eta agian hala da, baina egoera zein den ikusita…
Adimen emozionalak espazio txiki bat lortu du zenbaki eta hizkien unibertsoan, eskolan, alegia. Gero eta gehiago dira aintzat hartzen dutenak. Ikaslearen heziketarako ezinbesteko oinarria dela sinesten dut nik, ordea: tresna eta helburua.
Gizarte helduaren estresaren eta arauen naufrago dira gure txikiak. "Nola izan nor" erakutsi baino lehen, "zer jakin" esaten diegu. Egunero kudeatu ezinik darabilzkiten emozioak erregulatzen lagundu ordez, areagotu eta ugaritu egiten dizkiegu, gure exigentziekin. Alperrak, bihurriak, hiztunak, motzak, azkarrak, txintxoak… direla sinestarazten diegu, asko laguntza eske garrasi isilean dihardutela konturatu gabe.
Jakitea garrantzitsua izango da, baina ez amorrua kanalizatzen, tristurak eta pozak konpartitzen, motibatzen, kritiko izaten, beldurrari aurre egiten… ikastea beste. Bizitzarako benetako baliabideak gure barrenean ditugu, mugak ditugun bezalaxe, eta horiek kudeatzen jakiteak prestatzen gaitu bizitzarako. Emozioak dira brujula eta zoriontsuak izatea iparra.
Gure eskoletan ikasleen beharrak asetu behar ditugu, eta gaur egun hutsune emozional sakonak antzematen direla esateko ez da korbataduna izan beharrik. Barreneko korapiloak askatzen laguntzea, Europako kapitalak eta Espaniako ibaiak erakustea baino lehentasunezkoagoa dela uste dut. Azken hau ere, garrantzitsua dela ukatu gabe. Nahiz eta niri, egia esanda, ez didan askorako balio izan Nilo Japonen dagoela jakiteak…