“Antzerkian aritzeko pozoia sartuta behar duzu”

jon-altuna-iza 2012ko apirilaren 20a

Julia Marin irakasle eta itzultzailea da. Zenbait liburu itzuli ditu euskarara, baina batez ere Antzerkirako testuak itzultzen eta moldatzen aritu da azken urteotan. "Testu idatzien ahoskera. Euskal doinua. Irakurketa dramatizatua" lan teoriko-praktikoa ere burutu zuen 2002-2006 urteen artean eta hain zuzen ere horren inguruko ikerketa bere erronka nagusietako bat da. Hitzaldi eta tailerrak ere eman ditu. Asteartean Kultur etxean, aldiz, hitzaldia baino, klase ireki praktikoa eman zuen.

Nola hartu duzu Kukukaren proposamena?
Oso ondo. Hamar urte bete ditu Kukuka eskolak eta zoriondu egin nahi ditut Lasarteko antzerkizaleak eta eskerrak eman egitasmo hori bideratzen buru-belarri dabiltzan lagunei, Jose Mari Agirretxe, Pablo Barrio, Alex Tello eta barkatuko didazue baten bat ahaztu badut. Pozgarria da herrian antzerkian ia 700 pertsona aritzea eta gainera, hain urte gutxitan, sekulako lorpena da.
Oso pozik hartu dut proposamena, polita da, eta are politagoa iruditzen zait klase irekien ideia, etorri eta zure gauzen inguruan emandako hitzaldia baino. Horregatik bakarrik etorri beharrean Maider Yabar aktorearekin etorri naiz.

Ikerketa bat ere burutzen ari zara?
Urteak daramatzat horretan, Euskaltzaindia idatzizkora mugatzen da, arauak eman ditu baina batez ere letra eta hitzean gelditzen da, azentuan ez da sartu adibidez; zuzentasuna eta euskal doinutik aurrera ez da interpretazioan sartzen. Hizkuntza handi guztiek badaukate prosodia izeneko hori normalizatuta, eta gurean hori zientzi fikzioa da.

Aspalditik zabiltza horretan, noiz bukatzeko asmoa duzu?
Ate joka ari naiz beti. Mundu guztiak dio ondo ari naizela, oso interesgarria dela eta segitzeko, baina harrapatuta nago, horrelako ikerlanak egiteko dirua behar duzu eta nik jateko lana egin behar badut, astirik ez daukat. Baina aterako da.

Ilusionatuta al zaude lanarekin?
Bai, asko disfrutatzen dut lan honekin.

Zer deritzozu antzerkilaritza amateurrak Lasarte-Orian duen zabalkundeak?
Kanpotik ezagutzen dut, Pablo Barrio, Joxe Mari Porrotx,... antolamenduan ari direnak ezagutzen ditut, Kontxu Iartza txikiak ginenetik, Erketzen dantza egiten genuen. Baina Kukukaren lana behin bakarrik ikusi nuen, Antzoki Zaharrean, Donostian. Ez dakit zer nolako montajeak egiten dituzten.
Zuzenean ikusi ez arren, hainbeste talde daudela jakiteak poza ematen dit. Kontatzen didatena sekulakoa da.
Lan ona egiten dute eta Lasarteko martxa hori zabaltzen ari da, beste herri batzuetan ere, Pasaian edo Oiartzunen martxan jarriko dute. Horretan oso lan polita egin dezake EHAZE, Euskal Herriko antzerkizaleen elkarteak. Hor topo egiten dugu.

Zer moduzko lana da antzerkirako euskarazko bertsioak prestatzea?
Erraza ez da. Askotan lan osoa adosten dut, itzulpena egin eta gero aktoreekin lan egitea, horrela lan egiten ohituta nagoelako eta gertatu izan zait, itzulpena egiteko soilik deitu, nik komentatu, negoziatu, entsegura joan, zuzendariak horren berri jakin ez eta haserretzea. Iruditzen zaie zuzendaritzan sartzea dela...
Gero, badaude zuzendari batzuek, hitzaren zaleak edo zaintzen dutenak, baina oro har ez hainbeste gorputza zaintzen den bezala.

Zinemarako lanik egin al duzu?
Bai, "Ander eta Yul"-en hasi nintzen, gero egin nuen, "Mystikal" marrazki bizidunak eta irudi errealak nahastuz hiru dimentsioetan egindakoa, eta iaz "Sabin" Sabino Aranari buruzkoa.

Eta nola deitzen da zure lana kredituetarako?
Antzerkian normalean euskarazko bertsioa eta zuzendari laguntzailea. Obra askotan hori egin dut, bi lanak hartu, antolamenduan lagundu eta hitzaz arduratu.

Telebistan lanik?
Bai, Martin, Jaun eta Jabe, Hertzainak,... telesailean, kapitulu solteetan.

Zer moduzko aktoreak dira euskaldunak?
Onak. Gaur egun eta krisialdian sartu garenetik gehiago pozoia barruan izan behar du aktoreak aktore izateko. Arriskatzen duen jendea da, maitasun handiarekin lan egiten dute, asko miresten ditut. Eskenatokian egiten duten streap tease hori eskuzabaltasun handikoa iruditzen zait: nola uzten dizuten eskua sartzen.
Egia da gogorrak ere badirela lehendabiziko kontaktuan, hau da, sinetsi egin behar dute zu gai zarela laguntzeko. Behin sinesten dutenean, orduan bai, oso polita izaten da.

Aipatu duzu pozoia sartuta dutela aktoreek zuk ere ba al daukazu?
Bai, nik ere badaukat, bestela ez nintzateke hemen ibiliko.
Hau elkarlana da. Muntaiak ez dira ateratzen bat tematu delako. Talde osoak norabide berean egin behar du.