
Antzerkian testuak egoki interpretatzearen garrantzia azaldu zuen Julia Marin lasarteoriatarrak asteartean Kultur-Etxean.
Sarri egin du horrelako lana, Euskal Herriko hainbat antzerki talderekin batera, Tanttaka, Topo, Arteszena, Porpol, Tentazioa, Txalo... "Antzerkian asko aritu naiz eta pila bat ikasi dut" kontatu digu Juliak.
1995ean hasi zen, Arteszenarekin Klaus Mann-en Mephisto prestatzerakoan: "24 bat aktore ziren, mota guztietakoak. Tartean paper bat egiteko beltz bat behar zen eta Paristik munduan euskara izeneko hizkuntzarik bazenik ere ez zekien neska bat etorri zen".
Dena den, Julia Marinen iritziz aktorea euskalduna izan arren landu behar da testuen interpretazioa: "aktore mota asko dago, eta euskara jakitea ez da berme nahikoa eskenatokian aritzeko". Julia Marinen arabera, interpretazioan ez da soilik kontutan izan behar hitzaren eta euskararen zuzentasuna: "Hitzari nola brillo-a atera, bolumena nola eman, ideien hierarkia, kolorea,... hori guztia da. Guztiak aprobetxatuz, hitzak emozioekin eta gorputzaren inpultsoekin lotuz" lortzen da bere ustez lan ona.
Arte Eszenikoen Tailerreko eskoletan ahoskerari garrantzia handia ematen dio Julia Marin-ek. Euskaraz hori alde batera utzita dagoela kritikatu du: "gramatikan gaude kontzentratuta, idatzizkorako erabakiak hartzen dira, baina Euskaltzaindiak esaten du ahoskera ez dela bere zeregina, ez du entzun ere egin nahi, baina eszenan aritzeko irizpideak behar ditugu, eta komunikabideetan aritzeko ere bai".
Maider Yabarrekin
Maider Yabar trapezista eta aktore donostiarrak lagundu zion Julia Marin-i astearteko klasean. “Martxoaren 27an, antzerkiaren Egunean, Arriagako horma eskegita John Malkovich aktoreak idatziriko manifestua irakurtzea egokitu zitzaion eta testu zaila zen. Itzulpena egiten duzunean oso inportantea da paperean ez geratzea, eta testua esateko dela ikustea. Ezin duzu berdin idatzi irakurtzeko denean edo entzunez jasotzeko denean. Ondo idatzitako testua zen, baina oso gordina, bai esateko, bai jasotzeko; moldatu egin dut eta hemen prestatuko dugu" esan zigun Juliak saioaren aurretik.