“Momentu zailak dira euskal hedabideentzat”

maider-azurmendi 2012ko apirilaren 20a

“Zure Ziztada behar dugu” kanpaina martxan jarri du Berriak eta honen inguruan aritu gara kazetari lasarteoriatarrarekin, orain egunkariko zuzendariordea. Helburua 5.000 Berria lagun lortzea da. Diru ekarpen honekin oztopo ekonomikoak nolabait gainditu eta Berria.info atariaren biziraupena ziurtatuko luke komunikazio taldeak.

Iñaki Petxarroman kazetari eta idazle lasarteoriatarra Berriako zuzendariorde da egun. Gizarte saileko arduradun bezala jardun izan da orain gutxi arte egunkarian eta pozik dago suertatu zaion erronka berriaren aurrean. Idazlea izanik, idaztea da hain zuzen bere egunerokoan gehien faltan botatzen duena. Berriak martxan duen “Zure ziztada behar dugu” kanpainaren inguruan mintzatu gara berarekin Andoaingo bere lan txokoan.

Lehenik eta behin, kazetari, idazle eta orain Berriako zuzendariorde. Zer moduz lan berri honetan?
Lan berri bat da niretzako bai. Gizarte arloko burua nintzen eta zuzendariordearen hutsunea sortu zenean, ardura behin behinekoz hartzeko proposamena egin zidaten eta onartu nuen. Behin behinekoz diot, Berriako erredakzioa antolatzeko modu berri bat martxan jartzen ari garelako eta hurrengo hilabeteetan ikusiko da bakoitza non kokatzen den.

Pertsonalki alde handia al dago kazetari lanetik egungora? Ardura bada ezta?
Bai ardura da eta lana diferentea guztiz. Azken batean orain antolaketa lana egitea dagokit, bilera asko etab. Askoz gutxiago idazten dut orain eta hori bai faltan botatzen dut izan ere, kazetari lana da pertsonalki egitea gehien gustatzen zaidana, informazioa bilatu, kudeatu eta idaztea. Orain hau tokatzen da eta norbaitek egin behar duen lana da beraz asumitzen dut egin beharrekoa.

Esan daiteke garai zailetan sartu zarela Berriako zuzendaritzan? Krisia dela eta eko nomikoki zenbait oztoporekin aurkitzen zarete...
Bai, egoera orokorra zaila da. Hedabideen eta bereziki idatzizko prentsaren egoera zaila da eta momentu zailagoak oraindik euskarazko hedabideentzat. Zurrunbilo horretan murgilduta gaude. Hainbat urte daramatzagu zenbakiak oso gaizki ateratzen zaizkigula, publizitatean bereziki izugarrizko malda behera pairatzen ari gara eta urtetik urtera egoera konpondu beharrean, larriagotzen ari dela ikusten dugu.
Honen aurrean gure proiektua “blindatu” behar dugula uste dugu datozen hilabete eta urteetan iraupena izan dezan. Hau lortzeko beti egin izan duguna egin dugu, gure jendeari, euskalgintzari, euskarazko prentsan sinesten duen orori, proiektuari eusten lagun gaitzaten eskatu diegu.

Publizitate fakturazioa %30 galdu da. Zergatik izan da hau? Erakundeen murrizketak ala bestelako bezeroen galera?
Bietatik dago baina erakundeek publizitatean egin duten murrizketa izan da gehien eragin diguna. Bestelako publizitatea beti txikiagoa izan da gurean eta hau ere txikitu arren, erakundeena izan da guretzat jipoirik handiena. Erakundeetan ere momentu zailak bizi dira eta publizitatetik kendu dute dirua.

Herritarren sostengua beharrezkoa izaten jarraituko duela diozue. Herritarrentzat ere ekonomikoki ez da une egokiena...
Egoera orokorraren jabe gara. Badakigu ez dela momentu ona edo hoberena eskean ibiltzeko eta badakigu jendeak zailtasun gehiago izan ditzakeela orain euren laguntza emateko. Hala ere, abian dugun kanpaina beharrezkoa dugu eta poliki bada ere aurreikusitako zenbakietara iristeko bide onetik goaz. Jendeak beste behin demostratzen digu proiektu hau euskalgintzarena dela, herri osoarena, eta herriak eutsiko diola.
Egia da ezin dugula jakin noiz arte iraungo dugun baina bide onetik goaz kanpainarekin eta bereziki ondo baloratzen dugu jendearen erantzuna aipatutako egoera ekonomiko zail honetan. Orain ere laguntzeko prest daude.

Diru laguntzak ere murriztu dira ezta?
Jaurlaritzaren diru laguntzak nabarmen jaitsi dira. Gure kasuan %10 jaitsi dute baina jipoi handi da hedabide denentzat. Kudeatzaile publikoei diru laguntza ekarpen handiagoa egitea garrantzitsua dela ohartarazi behar zaie eta euren inplikazio handiagoa eskatu sektoretik.
Esan bezala momentua oso zaila da eta ez bakarrik guretzat, ez dugu protagonismoa hartu nahi, horregatik beste hedabideekin ari gara sektorearen koordinazioa lantzen eta aurrera begirako lan ildoak eratzen.

“Zure Ziztada behar dugu” kanpaina abian duzue. Zein da honen helburua?
Berria taldea egoera ekonomiko zailean dago esan bezala eta dei bat egin nahi izan diegu herritarrei ahal duten ekarpena egin dezaten. Bakoitzak ikusiko du nola ahal edo nahi duen lagundu. Horren truke, Berriak abantaila batzuek eskaintzen dizkie, egun harpidedunei eskaintzen zaizkienak, deskontuak, Berria PDF formatuan jasotzeko aukera besteak beste.
Kanpaina abiatu genuen arrazoi nagusi batengatik eta da Berria.info. Berria taldearen egoera orokorra ez da hain larria, baina digitalaren kasua bestelakoa da. Honetan geroz eta inbertsio handiago egin behar izan dugu atari on bat izateko. Honi eskerrak irakurle gehiago ditugu orain bai baina gure edizio digitalak ez digu dirurik ematen.
Bereziki deia egin nahi izan diegu egunero gure webgunetik euren informazio beharra asetzen dutenei. Guk informatzen jarraitu nahi dugu, ahalik eta webgune hoberena nahi dugu eduki gure irakurleen zerbitzura, baina aldi berean eskatu nahi dugu hauek gure ahalegina nolabait konpentsatzea. Kasu honetan esan daiteke kanpaina ez dugula hainbeste gure harpidedunengan bideratu.

Nola doa Lasarte-Orian ziztadaren kanpaina?
Ba esan bezala poliki goaz hau zabaltzen. Oraintxe hasi gara bilerak egiten, Ttakuneko kideei gutuna bidali zaie eta kanpaina pixkat antolatzen ari gara. Hala ere, herritarrei esan dagoeneko Ttakunekin harremanetan jarri edota Berriara jo dezaketela euren laguntza emateko. Hurrengo asteetan gauzak egingo ditugu. Hala ere, esan ez dela kanpaina masibo bat egingo.

Zer nahi duzue lortu?
Helburua aurten 5.000 berria lagun egitea da. Maila nazionalean kanpaina ondo doa, erdia baino gehiago lortu ditugu dagoeneko eta udarako espero dugu 5.000 horietara iristea. Jendeari konpromisoa eskatzen ari zaio, ez da laguntza puntual bat ematea eta kitto, laguntza iraunkor bat baizik.
Helburura iristean bukatuko da kanpaina eta uste dugu horrela gure aurrekontua orekatuta geratuko dela.

Zer esango zenieke Lasarte-Oriako bizilagunei euren ziztada ematera animatzeko?
Lasarte-Oria herri bezala euskalgintzaren aldetik oso ibilbide polita egin du. Behar bada proportzioan euskaldunak gutxiago gara baina trinkotuta dago eta ikusten da euskararekiko atxikimendua eta grina dagoela.
Berriak baditu bere harpidedunak Lasarte-Orian eta espero dugu dozena batzuk berria lagun egitea datozen asteetan. Ziur egingo direla orain arte akziodun eta harpidedun lasarteoriatarrak ditugun moduan.